Aho batez onartu ziren, plenoko gai guztiak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 26a, 00:00

Asteartean egin zen Hernaniko plenoa, telematikoki.

Gai erabakigarri guztiak onartu ziren, asteartean egin zen pleno telematikoan. Eta hiru mozio ere aurkeztu ziren.

Pasa den asteartean egin zen pleno telematikoan, aho batez onartu ziren plenora eraman ziren gai guztiak, eta hiru mozio aurkeztu ziren, hala nola, Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean adierazpen instituzionala egiteko proposamena; ondoren, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunerako Hernaniko udalbatza osatzen duten alderdien adierazpena; eta azkenik,  Ahal Duguk, zuhaitz eta ingurumenari buruzko mozioa.


Plenoa, irailak 29ko eta urriaren 27ko akten onarpenekin hasi zen. Jarraian, 2020ko azaroan emandako dekretuak 1417-1579 zenbakidunei buruzko berri eman zen. 


Horrez gain, 2020 urteko aurrekontuaren kreditu aldaketa espedienteei buruz jardun zuten, eta kreditu gehigarrien berri ere eman zen. Kontu-hartzaileen txostenari buruzko azalpenak ere eman zituzten astearteko plenoan, honen baitan hainbat gai jorratuz, hala nola, 2020 aurrekontuaren exekuzioari buruzko informazioa; aurrekontu aldaketen ondorioz, aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasunaren helburuen betetzeari buruzko txostena; kontu hartzailearen eragozpen oharra eta azkenik, barne txostena. 


Azken honetan, Hernaniko alkateak, azaldu zuen txosten horretan hainbat eragozpen ohar aipatzen direla, eta kontrol txosten hauetan agertzen direla, «udalekuetako begiraleen kontratazioa, lanbide heziketakoak eta kanpoko igerilekuetako ate zainen kontratazioak».


Berri emateak amaitu ostean, erabakitzeko gaiei eman zitzaien hasiera. Lehenik, Hernaniko Udal eraikinen garbiketa zerbitzuko kontratuaren 2garren aldaketari buruzkoa zen, eta aho batez onartu zen. Aurreko plenoan, aldaketa bat egon zen kontratu honetan, «ikastetxeetako garbiketa errefortzua haunditzea» hain zuzen, eta bigarren aldaketa honakoa izatea proposatu zen, «haur eskolako garbiketa errefortzua haunditzea. Jangela zatitu egin dute, eta lan karga haundiagoa ekartzen du horrek, garbiketa gehiago behar da, beraz, eskaera hori luzatu dugu». 


Gai hau onartu ostean, Galarretan eraikitzen ari diren Mercadonari buruz jardun zuten.  Honek eskatutako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergen hobariari buruz, hain zuzen. Lertxundik azaldu zuen, «zerga honetan eskatzen dute %95eko hobaria ematea», eta jarraian Merkadonak argumentatzen duena azaldu zuen, «Foru aldundiak dio, %95arte hobaritu daitekeela, interes bereziko edo Udal onurarako zerbait den kasuetan. Eta kasu honetan Merkadonak dio, enplegua sustatuko duela, eta argumentu honekin, egiten du zerga hau hobaritzeko eskaera». 


Hernaniko Udalaren kasuan, hobariak, irabazi asmorik gabeko elkarteei eman izan zaiela jakinarazi du Lertxundik,  «beti ere irabazi asmorik gabeko  elkarte bat denean egin izan dugu». Hori horrela, hainbat ondorio atera dituzte Udalean, Merkadonak enplegua sortuko duela, «baina ez du hau sustatuko, eta Merkadonaren egin bidea ez doa interes publikora. Baizik eta enplegua sortuko du, bere interesentzat». 


Hori horrela, ezin denez interes publikotzat jo Merkadonaren egin bide hau, Hernaniko Udalak, eskaera hau ez onartzea proposatu zuen plenoan, eta aho batez onartutzat eman zen. 


Erabakitzeko azken gaia, Covid19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz, hondakinen bilketa zerbitzuaren tasen hobariak onartzeko proposamena landu zen, eta azaldu zen «itxita dauden taberna eta jatetxeei, itxita dauden egun kopuru horiek deskontatuko zaizkiela». Bozketa egin zen, eta aho batez onartu zen, alderdi guztiek aldeko bozkak emanda. 

 

Hiru mozio, plenoan
Erabakitzeko gaiak alde batera utzita, mozioei eman zitzaien hasiera. Guztira hiru aurkeztu ziren.


Lehenengo mozioan, azken asteetan Saharak bizitakoa mahai gaineratu zuen, Euskadiko Saharar Ordezkaritzako kideak. Eta mozioan, honakoa proposatu zuen: Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean, adierazpen instituzionala egitea. Bozkaketan, abstentzio bakarra egon zen, PSE-EErena, gainerako alderdiek aldeko bozka eman baitzuten. 


Hurrengo mozioa, azaroaren 25eko egunari lotutakoa izan zen, hau da, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunerako, Hernaniko udalbatza osatzen dute alderdiek adierazpena egin zuten, alderdiko bozeramaile bakoitzak, mozioaren zati bat irakurriz. 


Bozkaketa argia izan zen, aho batez onartu baitzen, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunerako mozioa. 


Azkenik, hirugarren eta azken mozioa aurkeztu zuen Ahal Duguk, hiriko zuhaitz eta ingurunean zentratuz. Eta hainbat proposamen helarazi zizkion Udalari, «lehenik, hiri zuhaitzen eta berdeguneen babesa eta sustapena bermatuko duen ordenantza egitea. Bigarrenik, hirizuhaitzak diagnostikatzeko eta kontserbatzeko plan bat egitea. Hirugarrenik, hiriko zuhaiztiak izatearen onurei buruzko kontzientziazio kanpaina bat egitea. Laugarren, Hernaniko udalerriko zuhaitzen inbentarioa egitea. Bosgarren eta azken proposamena, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Hernaniko Udal-mugarte osoan bere jabetzako errepide ertzetan zuhaitzak landatzea». 


Bozkaketan, aho batez onartu zen, Podemosek aurkeztutako mozio hau.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!