150.000 euro bideratuko ditu Hernaniko Udalak, ostalaritzara

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 25a, 00:00
150.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Udalak, Hernaniko taberna eta jatetxeak berraktibatzeko.

Covid-19a dela eta, Eusko Jaurlaritzak ezarritako itxierak kaltetutako negozio bakoitzak 800 euroko kopuru finkoa jasoko du, eta horrekin batera, 400 euroko  kopuru osagarria jasotzeko aukera ere izango du.

Hernaniko Udalak, 150.000 euro bideratuko ditu, herriko ostalaritza establezimendu eta jatetxeak berraktibatzeko.

Izan ere, Covid-19a dela eta, Eusko Jaurlaritzak ezarritako itxierak kaltetutako negozio bakoitzak 800 euroko kopuru finkoa jasoko du. Horrekin batera, 400 euroko osagarria jasotzeko aukera ere izango du, jardueraren ohiko gastuengatik, «horiek herriko enpresetan eta saltokietan gastatu badituzte».

 

Onuradunak, juridiko eta fisikoak

Ostalaritza eta errestaurazio sek­to­reko pertsona juridikoak edo mikroenpresak eta norbera­ren konturako pertsona fisikoak izango dira onuradunak. Betiere, «baldin eta ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte eta beren jarduera itxi  beharrean ikusi badira Lehendakariak azaroaren 6an emandako 38/2020 Dekretuan jasotakoaren indarrez. Dirulaguntza lerro honetan sartzen dira, hoteletan eta bestelako ostatuetan dauden jatetxeak», azaldu du Udalak.

 

«Zenbatekoa haunditzeko prest», Udala

150.000 euroko dirulaguntza ezarri du Udalak, hala ere, jakinarazi du, bideratutako kopuru hau baino handiagoa behar bada, Udalak zenbateko hau haunditu egingo duela.

 

Dirulaguntzak, bi zati

Bi zati izango ditu dirulaguntza honek: 800 euroko kopuru finkoa, «establezimendu eskatzaile bakoitzarentzat», eta 400 euroko kopuru osagarria, «jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako gastuengatik, kontsumo hori Hernaniko txikizkako saltoki edo zerbitzu-enpresetan egindakoa bada». Horren helburua, herriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikia sustatzea da.

Laguntza hau bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatuek helburu berarekin emandako beste dirulaguntzekin. Eskaera aurkezteko epea, abenduaren 30era arte izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!