Lehenengo txapelketa, martxotik igerilariek

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 00:00

Enaitz Goñik hiru ohorezko postu lortu zituen Gipuzkoako denbora kontrolean 400 libre, 1.500 libre eta 200 estiloetan. 

Igeriketa frogak Euskal Herri mailan geldirik egon dira orain gutxira arte. Orain hilabete bat Araban antolatu zuten lehenengo txapelketa eta asteburu honetan Gipuzkoan eta Bizkaian, martxotik antolatzen zen lehendabiziko txapelketak antolatu dira. Ez nolanahikoak gainera. 


Espainiako Federazioaren aginduz edo gomendioz denbora kontrolak antolatu dira lurralde guztietan eta horrela Hernani Kirol Elkarteko eta Hernaniko igerilariak Irunen aritu ziren pasa den asteburuan. 


Bertan aritu ziren Miren Garmendia, Intza Pagola, Xabier Huitzi, Kerman Urreta eta Enaitz Goñi. Beraien denborak jaistea lortu zuten.


Enaitz Goñik bi bigarren postu eta hirugarren bat lortu zituen  hiru frogetan. Honela 400 libreetan hirugarren amaitu zuen 4:09:35eko denborarekin.  Bere denborarik onena eta Espainiako Txapelketarako gutxieneko marka eskuratu zuen. Igandean 1.500 libreetan bigarren egin zuen 16:29:44ko denborarekin eta 200 estiloetan ere bigarren amaitu zuen 2:13:63ko denbora eginez. Bi froga horietan ere Espainiako minima egin du, baina azken hilabetean behar bezala ezin entrenatzea nabaritu zuen iraupen luzeko frogetan. Abenduan zehar ere egongo dira txapelketak eta urte berriarekin normaltasun batera iristea espero da.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!