Erremontea

Segurola eta Barrenetxeak ildo beretik jarraitu nahi dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 00:00
Segurola eta Barrenetxea IV.a, txapelketaren aurkezpenean.

Lehenengo partiduan Etxarri eta Endikari 40-30 irabazi eta gero joko ona erakutsi zuten aizarnazabaldarrak eta atzelari hernaniarrak. Sakearekin fin dagoela erakutsi zuen Barrenetxeak eta sendo jokatu zuten.

Aurreko larunbatean hasi zen Binakako Erremonte Txapelketa. Aurten 50garren edizioa betetzen du eta ikuslerik gabe hasi da. Harmailak hutsik, erremontisten pilotakaden soinuak eta zestoaren hotsa erremonteratzeko orduan bakarrik entzuten ziren, baita bikoteen animoak eta pilota eskatzen zuten unea. Barrenetxea, atzelari hernaniarrak, bigarren aldiz gopro kamara batekin jokatu zuen kaskoan eta emaitza oraingoan ona izan zen. Irudi ederrak ikusi ziren eta jokoan ere ongi aritu zen atzelaria.

Segurolarekin batera, 40-30 irabazi zieten Etxarri eta Endikari. Beraz, lau puntu batu zituzten eta finalerdietarako lehenengo pausoa eman zuten. Barrenetxeak erakustaldia eman zuen sakearekin. Aspaldian ikusi ziren tanto gehien egin zituen, hamaika guztira, eta lehenengo hogei tantoetan hamar. Segurola ere sendo aritu zen, arrisku haundirik hartu gabe, baina serio jokatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!