Sare

«Emakume presoari, delituaz gain, egozten zaio gizarte patriarkalaren rolak apurtzea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 00:00

'Begiradak eta bizipenak txarrantxen artetik' solasaldia egin zuten Biterin, joan den asteazkenean.

'Emakumea eta espetxea' zikloa antolatu zuten Hernaniko Sarek eta Koordinadora Feministak, joan den astean. Eta horren harira, bi preso hernaniar, Ainhoa Garcia Montero eta Itxaso Zaldua Iriberri, elkarrizketatu ditu Sarek, espetxeetako errealitatea azaleratzeko. Topaseko kartzelatik erantzun dute, biek.

Hiru kartzela mota daude emakumeentzako: gizonen kartzeletan modulu txikiak, makro kartzeletan kartzela txikiak, eta emakumeen kartzelak. Azken hauek dira gutxien daudenak, hiru zehazki espainiar estatuan. Zuek Topasen (Salamanca) zaudete. Zer motatako kartzela da zuena?

Ainhoa eta Itxaso: Topas makro kartzela da, eta emakumezko nahiz gizonezko moduluak berdinak dira. Espetxe estrukturak oso ezberdinak izan daitezke, Frantzian batez ere; Fleuryk ez du zerikusirik Fresnesekoarekin, eta bi hauek oso desberdinak azken urteetan eraiki dituztenekin. Espainian, aldiz, kartzela tipo direnak fisikoki berdin-berdinak dira.

Fresnes edo Fleuryko kartzeletan, adibidez, emakumeon espetxea eraikin bat zen, gizonenetatik urrun. Murtzia II kartzelan, kasu, espetxean dauden modulu txikienetan (gizonezkoen modulu erdia) gintuzten, modulu haundiagoak urteetan hutsik bazeuden ere.

Espetxe zaharretan (Cáceres, Badajoz…), emakumeak oso leku txikietan dauzkate, eta honek ondorio latzak izaten ditu: bista galtzea, distantzia haundietan zorabio sentipena izatea, mugimendu murrizketa… 

Preso izan diren emakume gehienek, denek ez bada, diote, diozue, kartzelak emakumea isolatzen duela. Nolakoa da isolamendu hori?

Ainhoa: EPPKaren kasuan, kanpoko munduarekiko eta kideen arteko isolamendua, zorroztasun eta krudeltasun berdinarekin ezartzen da kidego osoarengan. Presoak oro har kontutan hartuta, gauza aldatu egiten da. Emakume presoa gizartean zorrozki estigmatizatua dago. Gi­zarteak ezartzen dituen rolak edo espero diren jokabideak apur­tu dituzten emakumeak dira; prostitutak, drogazaleak, de­li­tu­gileak, ama gaiztoak. Emakume txar eta onen arteko bereizketa erabatekoa da, eta gu emakume txarrak gara.

Gizonezko presoek bisita eta aurrez aurrekoak dauzkate, kanpotik datozen senide eta lagunak, gehienak emakumezkoak direlako. Gizonezkoa zaindua delako. Gizonezkoengana emaztea, ama, arrebak datoz. Emakumezkoen kasuan, lehenik familiarekiko urruntzea dator. Nahiz eta gizonezko baten delitu bera egin, gizarteak emakumea epaituko du, bere papera bete ez duelako, eta ondorioz, zauritu zituenak ere ez zaizkio etorriko. Emakumeari, delitua egiteaz gain, gizarte patriarkalak ezartzen dituen rolak apurtzea ere egozten zaio.

60 bat emakumeko modulu batean, askotan bizpahiru emakume atera ohi gara bisitara, eta gehienetan, euskaldunak izan gara hiru horiek. Eta hori, kontutan hartuta gu garela pertsona bakarrak, bertakoak ez garenak. EPPKko kideen artean, portzentajean, emakumeak isolatuago gaude, batzuk bakarrik urte luzez, eta gehienetan binaka edo hirunaka edukiz.

Badago aukera talde haundiagotan biltzeko, gure kide gizonezkoekin zenbait espetxetan egin bezala; baina ez dute egiten. Urte luzez bakarrik egotea oso gogorra da. Ondoan kide bat eduki ez, eta euskeraz hitz egin gabe urteak eta urteak pasatzen ditugu. Eguneroko egoera hauek oharkabean pasatzen dira euskal jendartean, gure auzo nahiz herrietan, baina ondorio latzak dituzte gugan.

Bestalde, formakuntza eta lan munduarekiko isolamendua ere ematen da. Gizonezkoek, formakuntzarako eskaintza zabalagoa dute espetxetan, eta ondorioz, kaleratzerakoan lan munduan aukera gehiago. Emakumeen kasuan, aldiz, eskaintza oso urria da.

Onartzen al dute kartzelan emakume aktiboak zaretela, horregatik zaudetela preso? Edo akaso norbaitek engainatuak… Anti-emakume izango zarete haien begietara.

Ainhoa: Gure kasuan ez dira ausartzen halako zerbait iradokitzera. Espetxearekiko komunikazioan marra gorriak oso argiak dira, eta guk gure herriarekiko maitasuna harrotasunez daramagunez, ez dago horrelako komentariorik.

Baina, oro har, gureganako jokaera paternalista badago. Bai, emakume presoak engainatuak izan dira, tuntunak izan dira… Eta batenbat, espetxean, aktiboagoa izan eta euren parametroetatik ateraz gero, edozein gehiegikeriaren aurrean protesta egiten badu, gogor zigortzen dute.

Emakumeentzako tailerrak, rol generoan oinarritzen dira: ileapaindegi tailerra, josten ikastekoak… Eta askotan mojek emandakoak izan ohi dira, ezta?

Itxaso: Bai, hala da. Justu aipatutako tailerrak daude antolatuta emakumeentzako, eta lana ere generoaren arabera dago banatuta. Emakumezkoek garbiketa lanak egiten dituzte, instalazioen garbiketa, labanderia, sukaldea…

Gizonezkoek, aldiz, soldadura, egurra edota buztina landu dezakete, mantenimenduan la­na egin, biltegien ardura eraman… Ikasketak ere honela antolatzen dituzte. Lanbide heziketako ikasketak gizonezkoek egiten dituzte, eta kalera ateratzerakoan emakumeek baino aukera gehiago izaten dute lana topatzeko. Elizak kartzeletan presente egoten jarraitzen du. Frantzian, monjek ematen zituzten aipatutako tailerrak, espetxe askotan; eta Espainian, Caritasek presentzia haundia du.

Kartzelan isolamendua da nagusi, baina emakumeen kasuan areagotu egiten da: 30 emakume preso, 12 guztiz bakarrik, eta 10 kide bakarrarekin. Nolakoa da zuen egoera?

Ainhoa: Egun hiru kide eta GRAPOko kide bat gaude moduluan. Iaz espetxe honetara iritsi aurretik, hiru urte eta erdi egin nituen bakar-bakarrik Murtzia II espetxean. Ondoko moduluetan 12 kide gizonezko zeuden, binaka edo hirunaka. Haietako bat beste espetxe batera eraman edo kaleratzekotan, bakartua geratzen zen gizonezkoa beste kideengana eramaten zuten zuzenean. Emakumeon kasuan, bakarrik jarraitzen dugu. Bakartasun luzean dauden kideak ditugu: Ana Belén Cordoban, Oskarbi Curtisen, Irantzu Huelvan, Ainhoa Granadan, Lorentxa Roannen… Kideak bakartzea, Madrilen hartzen den erabaki politikoa da; eta bulego batean hartutako erabaki honek, ondorio latzak ditu gugan eta gure hurkoengan.

Itxaso: Nire bir-espetxeratze fa­se honetan bakartu banindute, egoera latz hau oraindik krudelagoa izango zen, niretzat eta nire senideentzat.

Ainhoa: Hori bai, bakartzen gaituztenean, bakartze fisikoa da soilik, badagoelako gure artean esaera bat, maiz esan ohi duguna: «urtetan eduki ninduten halako edo bestelako kartzelan bakartuta, baina behin ere ez nintzen bakarrik sentitu». Dispertsioak, eta harekin bakardadeak, helburu bakarra du: kideak bakarrik geratzea, suntsitzea. Baina espetxeetako hormen bi aldetako euskaldunek argi erakutsi dugu, batzuen nahiak, sufrimendu asko pairatuz, baina ezerezean utzi ditugula.

Beste arazo larri bat, medikua: ez duzue ginekologorik, ezta?

Itxaso: Ez ginekologorik, eta ezta medikurik ere, kasu askotan. Ginekologora edo mamografiak egitera ospitalera bagoaz, Guardia Zibilak kontsultan egoten dira, eta egoera oso desatsegina da. Eta kontutan hartzen badugu hemen emakume asko prostituzioa egitera behartuak izan direla, edo erasotuak edo eskolarizatu gabeak... Ez dago formakuntzarik sexualitateari buruz, emakume hauek laguntzeko. Anekdota bezala esan, Murtzia II espetxean, ginekologoak lan egiteko kontsulta prest zegoela, beharrezko tresneria guztiarekin, baina ginekologorik ez!

Eta haurdun dauden emakumeak, nola artatzen dituzte?

Itxaso: Frantziako kasuan, kartzelako ginekologoak eta kanpoko ospitaleko jarraipena izan nituen. Ospitalera bidaiak poliziaren furgoietan egiten nituen, eta kontsultan kartzelaririk ez egotea lortu banuen ere, beste askok ez zuen horrelako zorterik izan. Hori bai, bi polizia zelatan nituela erditu nuen. Erditze gelan egon ziren, ginekologoaren eskaerari muzin eginez. Ospitalean egon ginen egunetan, bost polizia eduki genituen atean uneoro.

Hemen, Topasen, ezagutu du­gu emakume bat hilabetero ateratzen zutena ospitalera, eta COVIDa dela eta, gero 10 egunez ziegan konfinatzen zuten.

Honekin batera, kartzela eta sexualitatea. Bertan asexual bazinate bezala tratatuak izan zaretela salatu dute askok. Alegia, zuek ez duzue desiorik, ez duzue beharrik…

Itxaso: Bai, kartzela eredu patriarkalaren islada exajeratua den heinean, emakumeok ez dugu sexu beharrik, eta horren aurrean aldarrikapenen bat egiten badugu, segituan katalogatuko gaituzte: putak, zikinak, lizunak, femme fatal… Zoritxarrez, ez da hemen barruko kontua bakarrik. Izan ere, gure kolektiboari begiratzen badiogu, konturatzen gara eskubide hori (guretzat sexualitatea giza eskubide bat baita) betetzea errazagoa izan dela gizonezkoen kasuan; bizitza sexual konpartitua izatea (kartzelako gabezi guztiak kontutan hartuz, noski). Ez, ordea, emakumeen kasuan. Beste behin ere, emakumeok prest egon gaitezke preso gizon batengana joateko, momentu goxo eta politak pasatzera; baina ea zenbat gizonezko animatzen diren hori emakume preso batekin egitera. Itziar Moreno kideak, hausnarketa interesgarriak ditu horri buruz.

Sexu harremanak izateko, vis a visak daude, hilabetean behin; estatu frantsesean, ezta hori ere. Sexualitatea ukatzen dizuete? Janzkeran ere badituzue mugak?

Ainhoa: Frantziako espetxeak bi eratakoak dira: epaitu gabekoentzat (Maison d'Arretak), eta epaituentzat (zentralak). Aurre­ne­koetan, vis a visak ez dira exis­titzen, baina gizonezkoen espetxeetako bisita lekuetan (ez dago kristalik, banaketarik, presoa eta bisitan datorrenaren artean) kartzelariek ezikusiarena egin eta, modu txarrean bada ere, sexu harremanak eduki daitezke. Emakumezkoen kartzeletan, bisita egin bitartean uneoro pasatzen dira zelatatzera. Helburua argia da: gizonezkoen sexu beharra, asetu behar den zerbait da; emakumezkoen kasuan, espetxe barruko haurdunaldiak.

Frantziako emakumezkoen kar­tzeletan, sexua eta sexualitatea tabua da. Ama izatea, legez, ez da eskubide bat, eta ez da sekula giza-eskubide gisa landu. Sexualitatearekin duten jarrera eskandalagarria da. Etxeko txikien argazkiak zentsuratzen dituzte biluzik badaude. Liburu baten azalean emakume baten janzkera zuzena ez dela baderitzote, ez dute sartzen utziko. Kamixeta tiradunak, gal­tza motxak, transparentziak de­beka­tu­ta daude.

Espainian ere ikusi izan ditu­gu emakumeak ziegara bidal­­tzen, arropa aldatzera, kar­tze­­­­la­riaren erabakiz, «itxura pro­bo­­­ka­tzailea» izateagatik.Ko­men­­­­tario lizun eta sexistak en­tzuten ditugu, bai gizonezko pre­soen aldetik, baina baita kartzela­rien aldetik ere. Prostituzio sareak egon dira hainbat espetxetan, non espetxe arduradunak zigortu dituzten.

Haurdun geratu nahi izatekotan ere, ikusita zailtasunak, edota ikusita zuen bikoteak beste kartzela batean daudela, nola kudeatzen da hori?

Itxaso: Sentimenduak kudeatzeko lan haundia eginez. Frantzian, legez, guraso izatea ez da eskubide bat. Bioetikako legedia oso zaharkitua dago, eta intseminazio bat egitea ia ezinezkoa da. Gure kolektiboan badaude kasuak, non bikote bat 18 urtetan elkarrekin 4 aldiz soilik egon den. Horrela guraso izatea zaila. Espainian, vis a visak eta intseminazioa egiteko aukera egon badago, baina oztopoak bat bestearen atzetik topatuko dituzte. Guk sekulako zortea izan genuen, Frantziako kartzelariei intimitate tartetxo bat lapurtzea lortu genuenean. Nire muxu goxoena, ama edo aita izan nahi izan duten eta utzi ez dieten guzti horiei.

Umea izan eta gero ere, kontutan hartzekoa da sistema patriarkal latza. Amatasun moduluak daude, ez ordea aitatasun moduluak. Unitate familiar deiturikoak ere badira, baina euskal presoek ez duzue honetarako eskubiderik, ezta?

Itxaso: Amatasun moduluko ki­deek, txosten bat kaleratu zuten, Aranjuezeko espetxeko baldintzak salatuz. Euskaldunok ez gara inoiz egon unitate familiar horietan. Frantziako espetxetako amen moduluak ere, nahiko tamalgarriak dira. Semea eta biok Roanngo espetxean egon ginen. Ideia bat egin dezazuen: bertako zuzendariak aitortu zidan, amen modulua egin behar zela konturatu zirela eraikina bukatua zegoenean (2009ko espetxe bat da); eta inprobisatuz, galeria baten bukaeran lau ziega eta jolas-gela atondu zituzten. Eskerrak irudimen asko eta maitasun gehiago dugun euskaldunok!

Amatasun modulu gertukoena, Aranjuezen dago. Ume bat ez dago preso, atera eta sar daiteke nahi duenean, familiak horrela eskatuta. Nola egin hori, familia Euskal Herrian bada?

Ainhoa: Sekulako esfortzuarekin. Bai fisikoa, bai animikoa, bai ekonomikoa… Gure seniderik gabe, ezingo genuke ama izan. Badira Aranjuezen leku bat alokatu izan dutenak, beste batzuk bolada txikiak Euskal Herrian eginez, egunpasa soilik eginez…

Emakume batentzat, zigor bikoitza da egun dugun kartzela eredu patriarkal honetan preso egotea?

Ainhoa: Bai, noski. Eta gure kasuan, hirukoitza dela ere esango nuke: zigor penala dugu, eta emakume borrokalariak gara, gainera.

Azkenik, Hernaniar askok irakurriko zaituztetela jakinda, bota nahi duzuna…

Ainhoa eta Itxaso: Lehenik, gure maitasun guztia helarazi nahi dugu. Herri bateko parte gara, eta fisikoki urrun gatibu bagaituzte ere, gertu sentitzen zaituztegu uneoro. Bereziki eskertu nahi dizuegu guri, baina batez ere gure etxekoei, urte luzez ematen diezuen babesa, laguntza eta maitasuna. Euskal Herritik iristen zaizkigun gutunek eta berriek, zulo hauetan aurrera egiteko indarra ematen digute.

Euskal gizarteak indarra izan du, eta badu, egoerak iraultzeko; eta euskal preso errefuxiatu eta deportatuen egoeraren konponbidea, zuen eskuetan dago beste behin. Egun, munduan bizitzen ari garen osasun egoera dela eta, berez sufritzen ditugun egoerei etxeko nahiz lagunekiko isolamendua areagotu da. Kideak, gurasoak, seme-alabak, besarkatu gabe hilabeteak daramazkigu, eta ama edo aita ezin besarkatzeak sortzen duenak azalpen gutxi ditu. Martutenen, Zaballan, Basaurin edota Iruñean bageunde, etxetik gertu egongo ginateke, eta espetxean egonik ere, etxekoen sufrimendua ez litzateke bera izango. Zenbat minutu behar dira Hernanitik Martutenera joateko? Zenbat Algeciras, Murtzia edo Sevillara joateko?

Oraindik gaixorik dauden kide asko daude hormen artean, eta preso egotea gogorra bada, gaixo egoteak egoera jasangaitza bihurtzen du. Huelvako kideek, oraindik herritik ehundaka kilometrotara eta isolamenduko moduluetan jarraitzen dute… Hamaika egoera, bizipen eta sufrimendu guzti hauekin amaitzea guztion eskuetan dago, eta gu irrikitan gaude, Kale Nagusitik eta Andrekaletik zuekin ibiltzeko, mendi-bueltak egiteko eta zuek guztiak besarkatzeko. Maite zaituztegu.

 

'Florecica' dokumentala gaur Biterin, eta indarkeria matxista salatzeko hainbat hitzordu bihar, bailaran

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da bihar, eta kalera aterako dira, herri eta hirietan, salaketa egitera. Hernanin, gaur ere jarri dute hitzordua, horren inguruan: 'Florecica' dokumentala eskainiko dute, 19:00etan Biterin.


Azaroaren 25a da bihar, Emaku­meenganako Indarkeriaren Kon­trako Eguna. Eta horren harira, egun bakarreko ekintza ez, 10 eguneko ekintza sorta antolatu zuten Hernanin, Denon ardura delako! lelopean. Ekintza horietan aurrenekoa izan zen, Sarek eta Koordinadora Feministak elkarlanean antolatutako solasaldia, emakumea eta espetxea gai hartuta: Begiradak eta bizipenak txarrantxen artetik.

Gaurko jarri dute beste hitzordua bat, eta oraingoan, do­kumentala eskainiko dute, Biteri kultur etxean, 19:00etan: Florecica, Jo­sefina Lambertoren kontakizuna jasotzen duena. Gaztela­niaz jarriko dute, euskerazko azpitituluekin. Eta ondoren, solasaldia ere egingo dute.

Kontzentrazioak eta salaketa ekitaldiak, bihar

Bihar, berriz, hitzordu gehiago izango dira Urumea bailaran. Hernanin bertan, txapa feminista tailerra egingo dute arratsaldeko 17:00etan, Gaztelekuan. Eta ondoren, 19:00etan, salaketa ekitaldia antolatu du Koordinadora Feministak: Erasoak sobran, erasotzaileak ere! Indarkeriaren pandemia denon ardura.

Astigarragan, aldiz, eguerdiko 12:00etan egingo dute kontzentrazioa, udaletxe aurrean, Udalak eta Aztifemiak taldeak deituta: Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu. Eta arratsaldean, Donostiako manifestaziora joateko elkartuko dira. 17:30etan ja­rri dute zita, Emakumeen Txo­koan, autobusa har­tzeko; eta bestela, 18:15etan elkar­tuko dira, Okendo kalean.

Goizuetan, aurten ez dute kalejirarik egingo, egoeragatik. Baina emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, morez jantziko dira herritarrak; eta balkoiak ere, morez janzteko deia luzatu dute.

Kontzentrazioa egingo dute bihar eguerdian, Astigarragako udaletxe aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!