Erremontea

Urriza-Labakak eta Segurola-Barrenetxeak lortu dituzte Binakakoan lehenengo lau puntuak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 22a, 00:00

Erraz irabazi dute bi bikote gorriek, 40-26 eta 40-30 Juanenea-Larrañaga eta Etxarri-Endika bikoteen aurka, hurrenez hurren.

Giro aldetik hotz, ikuslerik gabe, eta jokoan ere emozio haundirik gabe erabaki ziren atzo, Galarretan, Binakako Txapelketaren lehengo bi partiduak. Lehenengo partiduan Urriza eta Labakak erraz gainditu zituzten Juanenea eta Larrañaga, 40-26. Bigarrengoan berriz, parekotasun pixkat gehiago egon zen, baina 40-30 irabazi zuten Segurola eta Barrenetxea IV.ak, Etxarri eta Endikaren aurka.

Ikuskizun gehiago espero zen lehenengo partiduan Juanenea eta Larrañagarengandik, baina ez ziren izan aurkari gogorrak Urriza eta Labakarentzat. 

Urriza jaun eta jabe izan zen eta 20 tantorekin partiduko erremontistarik onena izan zen. Hasieratik lortu zuten abantaila haundia 15ekoa ere izan zen momentu batzuetan. 

Azkenean urdinak puntu negatiboa salbatzeko helburua gutxienez lortu zuten. Honela garaileek lau puntu batu zituzten eta galtzaileak punturik gabe geratu ziren.

Barrenetxearen sakeak erabaki du partidua

Bigarrengoan Barrenetxearen sakeak egin zuen zuloa lehenengo tantuetan eta abantaila horrek eman zien garaipena gorriei. 20-10 aurreratu ziren Segurola eta atzelari hernaniarra eta horietatik 10 sakez eginak zituen Barrenetxeak. 28-25era hurbildu ziren urdinak, baina azken tantoetan akats gehiegi egin zituzten. Galtzaileek ez zuten punturik batu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!