Errugbia

Astindua Hernanik Eibarri, 90-19 irabazita

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 22a, 00:00
Arizeta zuzenean entsegura bidean.

Landarera bueltatu da konpetizio ofiziala zortzi hilabete ondoren eta hernaniarrek garaipen erosoa lortu dute eibartarren aurka. Ohorezko Maila eta Ohorezko B Mailan arteko aldea argi geratu da etxeko lehendabiziko partiduan.

Hernanik garaipen erosoa lortu zuen Landaren, Eibarren aurka, 90-19 irabazi eta gero. Denboraldiko bigarren partidua jokatu zuten hernaniarrek, lehendabizikoa Landaren, eta etxera itzulera ezin hobeto joan zen. Bi taldeen artean abantaila haundia dago eta hori zelaian 80 minutuetan zehar ikusi zen. Zortzi hilabete pasa dira, etxean azken partidu ofiziala jokatu eta gero. Gainera, berezia izan zen partidua, zalerik ez baitzegoen harmailetan.

Girorik gabe, hernaniarrak serio jardun ziren partidu osoan zehar. Ohorezko B Maila eta Ohorezko Mailaren artean alde ikaragarria dagoela argi geratu zen lehenengo minutuetatik. 

Bosgarren minuturako 12-0 ziren aurretik trikoloreak Beñat Arizeta eta Di Filipporen bi entsegurekin. Ez hori bakarrik, hemezortzi minutu bete zirenean, etxekoen bosgarren entsegua etorri zen eta markagailuak 33-0 erakusten zuen. Hirugarren, laugarren eta bosgarren entseguak Noriega, Imaz eta berriz ere Di Filippok lortu zituzten. 

Eibarren minuturik onenak  orduan etorri ziren eta atsedenaldira arte markagailuari eutsi zioten. Hernanik atsedenaldi aurretik beste bi entsegu lortu zituen (Bidegaray eta Etxeberria), baina eibartarrek ere beste bi egin zituzten, 47-12ko emaitzarekin aldageletara itzuliz. 

Bigarren zatian aldaketa asko eta 14 entsegu guztira

Bigarren zatian gauzak ez ziren asko aldatu. Hernaniarren nagusitasuna argia izan zen. lehenengo zatian zazpi entsegu lortu baziren, bigarrengoan beste zazpi erantsi zizkion markagailuari. Guztira hamalau entsegu egin ziren. Bigarren zatikoak Arizetak, Bidegarayk eta Elosegik berriz ere puntuak egin zituzten, Aramendi gazteak eta Mijangosek bezelaxe. 

Polidori entrenatzaileak bigarren zati honetan aldaketa ugari egiteko aukera izan zuen eta jokatzeko prest zeuden jokalari denak aritu ziren zelaian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!