Udala

Gabriel Zelaiako Ikasgela Zerbitzua martxan izango da gaurtik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Martxoaren 20an itxi egin behar izan zuten, baina gaurtik zabalik egongo da, eta baimen-txartela duten herritarrek erabili ahal izango dute.

Joan zen martxoan ezarritako konfinamenduaz geroztik etenda egon da ikasgela zerbitzua Gabriel Zelaian, erabilera anitzeko espazioak izanik, beste erabilera batzuk lehenetsi direlako. Hala ere, gaurtik aurrera berriro hasiko da martxan. Ikasgela Zerbitzua erabili ahal izateko protokoloa zehaztu da, baita edukiera mugatu ere. Horrekin batera, lantaldean jarduteko gelan gehienez 3 pertsona egon daitezke. Bakarkako ikasgelan, berriz, mahai bakoitzeko bina pertsona egon daitezke; guztira 14. Zalantzarik izanez gero, araudi berria erabiltzaileen esku jarri da udal webgunean. 

Baimen-txartela, beharrezkoa

Ikasgela Zerbitzua erabili ahal izateko baimen-txartela eskuratu behar da, Udal Liburutegian eskatuta. Bestalde, 16 urtetik gorakoek erabil dezakete zerbitzua, eta ezinbestekoa da 5 euroko fidantza ordaintzea baimen-txartela eskuratzeko.
Bestalde, ohiko erabiltzaile di­ren herritarrek baimen-txartela eguneratu beharko dute, ikasgela hori erabaili nahi badute. Horretarako, hauxe egin beharko dute: liburutegian txartela utzi, eta bertan eguneratuko dute.  Halaber, zerbitzuaren erabiltzaile izateari utzi nahi dutenek, baimen-txartela liburutegian entregatu eta fidantza berreskuratuko dutela jakinarazi dute arduradunek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!