Hernaniko Udalak bat egin du Tratu On programarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Xabier Lertxundi alkatea eta Oier Agirresarobe Hezkuntza zinegotzia, atzo.

Educo nazioarteko fundazioarekin elkarlanean, helburua da haurren eskubideen promozio, prebentzio eta babes politikak martxan jartzea. 

Atzo Haurren Nazioarteko Eguna izan zen, eta Hernanin haurren eskubideen alde egiten ari diren ekimenen berri eman zuten udal ordezkariek. Xabier Lertxundi alkateak jakinarazi zuenez, Udalak bat egin du  Tratu On proiektuarekin. Educo nazioareko fundazioak sustatzen du programa hau, eta horrekin lantzen ari direna da toki erakundeetatik haur eta nerabeentzako ingurune seguruagoa eta bidezkoagoa lortzeko politiken garapena. Ekimenaren lehenengo fase honetan, Hernaniko Institutuan eta Txirrita Eskolan  ari dira diagonistikoa egiten, eta planaren lanketak bizpahiru urte eramango ditu. 

Tratu On-ek arreta berezia jartzen du haurren hiru eskubideren gainean eta, bereziki, eskubide horiek gauzatzeko tokiko erakundeetatik egin daitezkeen politiketan. «Zehazki, eskubide horien promozio, prebentzio eta babes politiketan», azaldu dute. Landuko diren 3 eskubideak hauxek dira: Bizitzan zehar kalitatezko, transformatzailea eta  bidezkoa izango den hezkuntza baterako eskubidea; inguru seguru eta babesleetan bizitzeko eskubidea; eta, azkenik, haurtzaroaren eskubideak sustatzen dituen sistema publiko baten markoan, hiritartasun aktiboa gauzatzeko eskubidea.

Agirresaroberen esanetan, plan hori osatzeko Udalaz gain, komunitatearen partehartzea ere funtsezkoa da. «Hala nola, ikastetxeak, haur txokoa, gaztelekua, edota herriko elkarteak». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!