Gabonetako argiak ipini dituzte

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Azaroa bukatzearekin batera, gabonetarako argiak kalean zintzilik jarri dituzte aste honetan. Urtero lez, Udale langileek furgonetak eta argiak kokatzeko igogailuak hartu eta kaxkoa apaindu dute. Horren bueltan, iritzi kontrajarriak izan dituzte herritarrek. Batzuek diote pandemia garaia ez dela horrelako gastuak egiteko momenturik egokiena. Beste batzuek, berriz, garai ilun hau argitzeko beharrezkoak direla adierazi dute.

Berriak -Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak- jakitera eman du «kritika batzuk» jaso dituztela gai horren gainean. Izan ere, beraiek jartzen dituzte gabonetako argiak. «Guk ordaintzen dugu alokairua, eta Udalak mantendu eta jartzea. Guk garbi eduki dugu argiak jarri behar genituela, beharbada orain delako gastu hori egiteko momentua». Bi arrazoi eman dituzte: «batetik, argiak jartzen dituenak ere jan behar duelako, eta horren atzean familia hernaniarrak daudelako. Hernaniko enpresa bat da argiak jartzen dituena, eta langileak ere herrikoak dira. Eta bestetik, alderdi emozinala dago: jende asko dago, bereziki adinekoa, leihoak ireki eta argiak ikusten dituenean, pozik jarriko dena. Eta zentzu horretan, emozionalki, argiak jartzeko urtea da hau», azaldu dute. 

Azkenik kontsumoa «oso baxua» dela adierazi du Berriak elkarteak. «Herritar batek, seguruenik, etxean argi gehiago kontsumitzen du». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!