Bizi, erosi eta maite Hernani

Gabonetarako erosketak, aldez aurretik hobeto

Kronika - Erredakzioa 2020ko azaroaren 21a

Hilabete besterik ez da falta Gabonetarako, eta ziurrenik ez dugu izango familian elkartzerik, baina etxeko berotasunean ospatu ditzakegu. Horretarako, beharko ditugu otorduetarako janari-edariak, eta baita opariak ere.

Horiek, aurten bereziki, aldez aurretik erostea da gomendioa. Batetik, ez dakigulako komertzioak zabalik egongo ote diren, 15 egun barru adibidez; eta bestetik, zabalik egonda ere, pilaketak saihestu behar ditugulako, denak azkeneko egunetan joanda. Horregatik, dagoeneko hasi gaitezke erosten, edo enkarguak egiten. Berriak elkarteko komertzioak ondo hornituta daude, une honetan!

Oparietarako ere jo dezakegu herriko establezimenduetara. Internetera jotzen dugu askotan, zer oparitu ez dakigunean, esperientziak eta otorduak erostera; baina herrian bertan badauzkagu, horrelakoak eskaintzen dituzten establezimendu eta zerbitzuak. Bono ederrak prestatuko dizkigute, nahi dugunari oparitzeko!

Asko zabaltzen ari den mezua da, herrian bertan erostearena, eta hornitzaile handien kontrakoa; eta akaso, horiek entzuten nekatuta egongo dira batzuk. Baina hori da errealitatea, aurten inoiz baino gehiago: beharrak dauzkaten familia asko daude, eta elkar laguntzeko modurik onena da, bertan bertakoa erostea. Horrela, lagunduko diozu harakinari, baserritarrari... Kate luzea dago erosketa bakoitzaren atzean, eta jende askori laguntzen diogu.

BERRIAK Hernani 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!