Gaur bueltatuko da erremontea Galarretara, Binakako Txapelketaren 50garren edizioarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Bost bikoteak eta Oriamendiko eta Orona Fundazioko ordezkariak, asteazkeneko aurkezpenean, Orona-Ideoren inguruko belardietan. Argazkia: Maialen Andres

Egoera berezian ospatuko ditu urrezko ezteiak, Binakakoak. Publikorik gabe hasiko da txapelketa, baina zuzenean ikusi ahal izango da, ETB1en eta interneten.

Urriaren bukaeratik egon da ja­ialdirik gabe, Galarreta frontoia; baina bueltan izango da erremontea gaur, denboraldiko zita garrantzitsuenetako batekin: Bi­nakako Txapelketa nagusia ha­siko da, bere 50garren edizioan. Egoera berezian ospatuko ditu urrezko ezteiak, bost bikoteren arteko lehiarekin. Tartean izango da Endika Barrenetxea hernaniarra, Beñat Segurola aizar­nazabaldarrarekin batera.
Beste lau bikoteak, honakoak dira: Javier Urriza eta Jagoba Labaka, Imanol Ansa eta Joxin Aizpuru, Aritz Juanenea eta Iban Larrañaga.
Orona-Ideo erakinaren inguruetan aurkeztu zuten txapelketa, asteazkenean; Orona Fundazioa baita Binakakoaren babesle nagusia.

Hamar partidu, ligaxkan; aurreneko biak gaur

Gaur bertan hasiko da txapelketaren aurreneko fasea, ligaxka; eta hamar partidu jokatuko dira guztira: larunbatero bi, abenduaren 19ra arte. Horrela, bikote guztiak ariko dira, guztien kontra: lau partidu jokatuko ditu bikote bakoitzak, eta atseden hartuko du larunbat batean.
Gaurkoan, Ansa II eta Aizpuru III geratuko dira jokatu gabe, eta honakoak izango dira jaialdiko bi partiduak, 15:30etan hasita Galarretan: Urriza eta Labaka, Juanenea eta Larrañagaren kontra; eta Segurola eta Barrenetxea IV, Goikoetxea V eta En­di­karen kontra. ETB1 telebista kateak eskainiko du, zuzenean.

Partidu bakoitzeko ira­baz­leak, 4 puntu lortuko ditu; eta galtzaileen kasuan, egindako tan­toen arabera: 36-39 tanto bitartean eginda, 2 puntu; 32-35 artean, puntu bat; 26-31 puntu artean, punturik ez; eta 25 tanto baino gutxiago lortuz gero, puntu bat kenduko diete.
Horrela, ligaxka bukatuta, puntu gutxien dituen bikotea geratuko da txapelketatik kanpo, eta beste lauek egingo dute aurrera, semifinaletara. Bi bikoteren artean berdinketa izango balitz, bien arteko partiduaren irabazlea hartuko da kontutan; eta hiru bikoteren artean emango balitz berdinketa, partidu guztien tanteoari erreparatuko diote, postuak erabakitzeko.

Semifinalak abenduaren 26an, eta finala urtarrilaren 2an

Partidu bakarrera jokatuko dituzte semifinalak, lau bikoteek: ligaxkako aurrenekoa, laugarrenaren kontra ariko da; eta bigarrena, hirugarrenaren kontra.

Abenduaren 26an izango di­ra bi semifinalak, eta bi bikote irabazleak sailkatuko dira final haundira. Urtarrilaren 2an jokatuko da finala.

COVID-19ra egokitutako txapelketa, eta atzerapenik ez

COVID-19ak eragin zuzena izango du Binakako Txapelketan ere, eta horretara egokitu behar izan dute. Hasteko, ez da publikorik izango, aurreneko partiduetan be­hintzat; eta frontoia itxita de­la jokatuko dute gaurko jaialdia. Eta bestetik, txapelketaren araudia ere egokitu behar izan dute, COVID-19arekin lotutako bajak izan daitezkeela eta.

Horrela, txapelketan zehar ez dute partidurik atzeratuko, jakinarazi dutenez. COVID-19arekin lotutako bajaren bat izango balitz, lesio baten gisan hartuko dute. Kasu horietan, erremontista batek jokatzerik ez badu, honakoa izango da ordezkapen sistema: publikorik gabe jokatzen bada partidua, Oriamendik erabakiko du zein izango den ordezkoa; eta publikoarekin jokatuz gero, maila bereko beste erremontistarik ez badago, partidua galdutzat emango diote bikote horri, 40-0 emaitzarekin.

Gainera, erremontista batek beste bat ordezkatuko balu hiru partidutan edo gehiagotan, bera pasako da titularra izatera.

Era berean, argitu dute partiduren batean lesio bat izango balitz, eta erremontistak ezingo balu jarraitu jokoan, bi aukera dituela bikote horrek: partidua galdutzat eman, beste bikoteak 4 puntuak jasota eta beraiek ordura arte lortutako tantoen araberakoak; edo lesionatu ez den erremontistak jokatzen jarraitzea, berak bakarrik, beste bien kontra. Bigarren kasu horretan, azkeneko emaitzaren araberakoa izango da puntu banaketa, beste partiduetan bezala.

Erremontista batek ezin ba­du semifinala jokatu, ordezkoa bilatuko dio enpresak; eta posible ez bada, ligaxkako bosgarren bikote sailkatua pasako da semifinala jokatzera. Hori bera finalaren atarian gertatuz gero, eta ordezko erremontistarik ez balego, bikote horren kontrako semifinalean aritu zen beste bikotea pasako da finalera.

Ligaxkan bezala, semifinaletan eta finalean ere, bakarrik jokatzen jarraitzea erabaki dezake erremontista batek, bikoteak min hartuz gero.

Jaialdi guztiak ikusgai, ETB1en eta Oriamendiren YouTuben

Publikorik gabe abiatuko da jaialdia, eta horrela izango da denbora batez, gutxienez: «badirudi, abenduaren erdialdera arte behintzat, horrela izango dela. Jaurlaritzaren arauen zain egon beharko dugu, egoeraren garapena ikusteko. Murrizketak aldatu arte, publikorik gabe jokatuko dira jaialdiak», azaldu dute Galarretako arduradunek.

Edozein kasutan, larunbatero ikusi ahal izango dituzte jaialdiak zaleek, etxetik. Izan ere, ETB1ek zuzenean emango ditu gehienak: «txapelketako bigarren eta hirugarren jardunaldiak ez ditu eskainiko, baina laugarrenetik aurrera, ziurrenik partidu guztiak ikusi ahal izango dira». Eta gainerakoak, internet bidez eskainiko ditu Oria­mendik, zuzenean, YouTu­beko bere kanalean. Oriamendiren webgunean eta Facebooken ere jarriko dituzte horiek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!