Gasteizen jokatuko dute txuri-berdeek bihar, Aurrera de Vitoriaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Ainhoa Lizaso txuri-berdea, Zubipen, aurreko denboraldiko partidu batean.

Euskal Ligako bigarren partidua izango du Hernanik, 12:00etan Olaranbe zelaian, aurreko bi asteburuetan atseden hartu ondoren. 

Bihar eguerdian jokatuko du Hernanik, Euskal Ligako bigarren partidua; eta etxetik kanpo ariko da berriro. Gasteizen izango da, 12:00etan hasita Olaranbe zelaian, eta Aurrera de Vitoria B taldearen kontra jokatuko dute txuri-berdeek.

Atseden hartzea tokatu zaie hernaniarrei, aurreko bi jardunaldietan. Izan ere, aurtengo denboraldi arraroan, astebururo bi taldek hartuko dute atsedena, zortzi taldeko multzoan; eta bi atseden jardunaldiak segidan egokitu zaizkie txuri-berdeei, ia martxan jartzeko astirik gabe. Orain arteko partidu bakarra, Lezaman jokatu zuten, Athletic C taldearen kontra, eta 10-1 galdu zuten orduan. Erreferentzia errealagoa izango da biharkoa, kontrario parekatuagoa izango baitute Aurrera talde arabarra. Orain arte, hiru partidu jokatu dituzte gasteiztarrek: bat irabazi, eta beste biak galdu dituzte. Hiru punturekin bueltatu nahi dute hernaniarrek, aurreneko partidua ahaztu eta konfiantza hartzen hasteko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!