Gaurkoan bai, estreinakoa jokatuko du Hernanik Landaren

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Santboianaren kontra jokatu zuen Hernanik azkenekoz Landaren, otsailean.

Eibarren kontra jokatuko du, bere bigarren partidua, 16:00etan hasita, publikorik gabe. Internet bidez ikusi ahal izango da. 

Joan den astean jokatu behar zuen Hernanik Landaren, denboraldi honetan aurreneko aldiz, baina partidua atzeratu egin zen beste behin; oraingoan, Fe­rrolek zenbait jokalari zituela­ko taldean, COVID-19arekin.

Hori horrela, gaurkoan bai, estreinako partidua jokatuko dute trikoloreek, etxean. Eibar izango dute aurrean, arratsaldeko 16:00etan hasita. Ikuslerik ez da izango, dena den, ateak itxita jokatu behar dutelako. Zaleek, internet bidez izango dute partidua ikusteko aukera, ferugby.es web orriaren bitartez. Hernanik ere jarri du partidua ikusteko esteka zuzena, bere webgunean: hernanirugby.eus.

Ohorezko B Mailako bigarren partidua izango dute trikolore­ek, gainerako taldeek baino beranduago hasi baitzuten liga: Ohorezko Mailan aritzeko kanporaketa jokatu zuten, aurreneko jardunaldiaren asteburuan. Ferrolen kontrakoa zeukaten orduan, oraindik jokatzerik lortu ez dutena. La Unicaren kontrakoa ere atzeratu zen hurrengo asteburuan, COVID-19 kasuak tarteko; baina hori bai, jokatu zuten astebete beranduago: 7-50 nagusitu zen Hernani, Iruñean.

Horixe dute erreferentzia bakarra hernaniarrek, eta beste garaipen bat bilatuko dute eibar­­tarren kontra. Orain arte jokatutako biak galdu ditu Eibarrek, Bera Beraren kontra etxean (28-51), eta Ferrolen zelaian (42-8), hain justu.

Bestalde, jarri diote hasiera data, Emakumezkoen Euskal Ligari ere: urtarrilaren 3an ekingo diote. Aste honetan hasi da entrenatzen Hernani, 6 jokalariko taldeetan banatuta, txapelketaren hasierari begira.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!