Leire Etxeberria, 40 urte

«Sorginaren kapela maskarilla gisa jartzea izan zen aurreneko ideia»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Leire Etxeberria, Ainara Azpiazu 'Axpi'k egindako ilustrazioarekin.

Datorren urteko San Joanak nolakoak izango diren irudikatu du Leire Etxeberriak, bere komikian: «buruan oso garbi neukan ideia»

San Joan jaien bilakaera irudikatu du Leire Etxeberriak, Doberaren Kromiki Lehiaketarako lanean; eta bera izan da irabazlea, helduen kategorian. Eta horretarako, sorginaren kapelarekin jokatu du: «kapela maskarilla gisa jartzea izan zen, burura etorri zitzaidan aurreneko ideia, lagun batek jarritako irudi batetik: amona bat, urtebetetzeetako kono horietako bat aurpegian jarrita. Eta ideia horretatik abiatuta hasi nintzen lantzen».

Konfinatuta egon behar izan zuen epe batean ekin zion komikia egiteari: «argazkiak egitea gustatzen zait gehiago, eta Udal Egutegirako lehiaketan hartu izan dut parte. Marraztea ere bai, baina orokorrean, ez zehazki komikiak. Aurreneko aldiz hartu dut parte, komiki lehia - keta batean. Baina konfinatuta nengoenez, gauetan hasi nintzen komikia egiten. Buruan oso garbi neukan ideia, eta horregatik egin nuen errazago. Bestela, oso zaila da. Gustuko ditut komikiak, baina ez naiz trebea».

Lanak izan zituen, esaterako, kapela maskarilla modura jartzeko, alderantziz: «izugarri kosta zitzaidan, eta azkenean, Axpiren bideo batekin ikasi nuen nola egin». Aspaldi, berarekin egin zuen ikastaro bat, eta horregatik egin dio ilusio berezia, Axpik berak egindako ilustrazioa jasotzeak, sari gisa: «oso polita da, sekulako artista da Axpi», nabarmendu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!