Nahia Goikoetxea. 11 urte

«Garai hauetan, egunerokoan ikusten dugun egoera bat da, islatu dudana»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Nahia Goikoetxea, Alai Zubimendik egindako lustrazioarekin.

Egungo egoeraren ispilu da, Nahia Goikoetxearen komiki irabazlea: pertsona batek doministiku egin, eta inguruko guztiak aldendu zaizkio.

COVID-19ak eragin dituen egoera deigarri horietako bat paperera ekarrita, Nahia Goikoetxeak irabazi du Doberaren Kromiki Lehiaketa, gaztetxoen kategorian. «Kalean askotan gertatzen den egoera bat» islatu zuen, bere komikian: kalean pertsona batek doministiku egin, eta inguruko guztiek egin dute ihes, COVID-19a izango duelakoan. «Komikia egin nuen egunean bertan, Kale Nagusian bizitu nuen antzeko egoera bat. Gizon bat eztulka hasi zen, eta ingurukoek gaizki begiratu zioten. Interesgarria iruditu zitzaidan, egoera hori islatzea», azaldu du Nahiak. 

Ikastolan, Elizatxon, jaso zuen komikia egiteko fitxa, eta bi arratsaldetan osatu zuen, pausoz pauso: «aurrena, gutxi gora - behera irudikatu nuen, zer nahi nuen marraztu. Ondoren, zirriborro bat egin nuen; eta azkenik, fitxan marraztu nuen behin betiko komikia», dio.

Ez zuen uste, irabaziko zuenik: «nire gelan bertan, badaude oso ondo marrazten duten ikas - kideak. Baina beharbada, istorioarekin hobeto asmatu dut». Izan ere, horretan ondo trebatuta dago bera: «txikitatik idazten ditut liburuak eta ipuinak, asko gustatzen zait. Marraztu gutxiago egiten dut, baina tarteka, irudikatzen ditut nik idatzitako ipuinetako pertsonaiak, imajinatzen ditudan moduan».

Afizioa ofizio bihurtu nahiko luke Nahiak, etorkizunean: «idazlea izan nahi dut. Beti hasten naiz liburu luzeak idazten, eta ez ditut inoiz bukatzen. Hortik urte batzuetara topatzen ditut kajoian, hasita eta bukatu gabe», kontatu du.

Lehiaketarako komikia bai, ederki bukatuta utzi zuen, eta «ilusio haundia» egin dio irabaz - teak, baita Alai Zubimendik egin dion marrazkiak ere: «logelan jarriko dut enmarkatuta!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!