Valentina Lunares, 8 urte

«Nire amonarekin gogoratu nintzen, lehiaketarako komikia egiterakoan»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00
Valentina Linares, Ana Almandozek egindako sariarekin.

Adineko emakume batek egunerokoan izan ditzakeen arazoak irudikatu ditu Valentina Linaresek, eta horiei konponbidea bilatu die.

Haurren kategorian irabazi du Doberaren Kromiki Lehiaketa, Valentina Linaresek. 8 urterekin, Aratz ikastetxean ari da ikasten, eta bertan egin du lehiaketarako komikia. Ondo landuta aurkeztu zuen: «ez nuen egun bakarrean egin, bi edo hiru egunetan aritu nintzen komikiarekin», azaldu du berak.

Gizarteko arazo bat ekarri du paperera Valentinak, bere komikiarekin: adineko emakume bat islatu du, etxean bere kaxa moldatzeko arazoak dituena. Binetetako batean erori egin da, eta bestean plater bat erori zaio. Adinekoek egunerokoan izan ditzaketen arazo horiei, «konpon - bidea bilatzen» saiatu da Valentina, komikian: koltxoneta bat jarri dio, erortzen denean minik ez hartzeko, eta gauzak erortzen zaizkionean ez hausteko.

«Nire amonarekin gogoratu nintzen, komikia egiterakoan; nahiz eta bera ondo moldatzen den oraindik, bere kaxa», kontatu du berak.

Saririk lortuko zuenik ez zuen espero Valentina Linaresek, eta «oso pozik» agertu zen Dobera Euskara Elkartearen bulegora. Ana Almandoz kromikilariak egin zion saria, hiru dimentsiotan irudikatutako herri bat; eta asko gustatu zaio haurren lehiaketako irabazleari.

Baina beste saririk ere jaso zuen: Gaueko komiki dendaren bono bat, gustukoen dituen hiru komikiak aukeratu eta opari eramateko. Horiekin, beharbada, komikigintzan trebatzen jarraituko du Valentinak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!