Musika emanaldiak izango dira Biterin, datorren ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 20a, 00:00

Idoia Asurmendi eta Beste Urtaroak taldea izango dira Biterin, ostegunean.

Idoia Asurmendi abeslaria eta Beste Urtaroak taldeen kontzertuak izango dira, 19:00etan.

Udazkenerako plangintza zabala antolatu zuen Udalak, eta kultura emanaldi ugari izango dira datozen asteetan. Ostegunean, azaroaren 26an, Idoia Asurmendi abeslaria eta musikaria izango da oholtza gainean. Gainera, egun berean ere, Beste Urtaroak taldearen kontzertua izango da Biterin ere. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera herritarrek bi musika emanaldi hauekin arratsalde bikainaz gozatzeko aukera izango dute.

Asurmendiri musikarekiko zaletasuna familiatik datorkio eta txikitatik hasi zen etxeko musika-tresnekin esperimentatzen. Orain urte batzuk hasi zen bakarlari gisa kantatzen, euskal kantuen zein kanpoko pop-rock eta soul estiloko kantuen bertsioak eginez. Ostegunean aurkeztuko duen proiektu berri honetan helburua du, poesia, ilustrazioa eta animazioaren arteko fusioa egitea. Horretako, Maria Osesen poesiak uztartuko ditu kontzertuan.

Beste Urtaroak taldeak, berriz, Iker Laurobaren orain arteko diskoetako kantuak hartu eta folk esparrura eraman ditu, eta ostegunean azalduko dute lana.  Horretarako,  zenbait musika-tresnez baliatuz eta beste herrialdeetako doinuak euskal kulturan txertatuz: gitarra, pianoa, ukelelea eta cavaquinhoa, besteen artean.  Haien musikarekin lortu nahi dutena da mundu osoan une berean dauden urtaroak elkartzea. Alegia, kontinente guztietako urtaroak elkartu nahi dituzte, sortzen duten musikarekin.

 

Gonbidapena aldez aurretik eskuratu behar da

Datorren osteguneko kontzertuetara joateko asmoa dutenek  aldez aurretik gonbidapena eskuratu beharko dute. Eskuragai dude dagoeneko, https://bibe.me/events webgunean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!