Presoak

Emakumeen espetxeko 'Begiradak eta bizipenak txarrantxen artetik', hitzaldian

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 18a, 00:00

Aurreko astean margotu zuten murala.

Biteri kultur etxeko aretoan gaur, 19:00etan eskainiko da eta bertan Hernaniko emakume preso ohi batzuk eta Oihana Etxebarrietak parte hartuko dute. «Espetxeek emakumea diskriminatzen jarraitzen dute».

Hernaniko Sarek, Koordinadora feministarekin elkarlanean, emakumea eta espetxea gai hartuta azaroan zikloa antolatu du.  Hernaniko preso politikoen gaia emakume presoaren ikuspegitik landuko da.

Joan den astean hasi ziren ekitaldiak eta zikloaren lemarekin, Otzan nahi gaituzte!, emakumea eta espetxea aztergai, murala margotu zuten Urumea ikastolako eraikin zaharrean. 

Gaur jarraituko du zikloak eta, arratsaldeko 19:00etan, hitzaldia antolatu dute Biteri kultur etxeko areto nagusian Begiradak eta bizipenak txarrantxen artetik izenburupean. Bertan, Hernaniko emakume preso ohi batzuk eta Oihana Etxebarrietak parte hartuko dute.

«Mendeetan zehar, lege penalak urratu zituzten kasuetan, modu ezberdinetan zigortu zituzten emakumeak eta gizonak. Emakume presoa, emakume transgesoretzat hartua zen, lege penalaz gain, bere izaera femeninoa erregulatzen zuten arau sozialak ere hautsi baitzituen. Emakume 'desbideratuaren' izaera bikoitzak zigorra aplikatzeko orduan diskriminazio latzak pairatzera eraman zituen giltzaperatutako emakumeak. Gaur egun, estatuaren eskuetan dauden espetxeek emakumea diskriminatzen jarraitzen dute...» diote antolatzaileek.
Errealitate hau gertutik bizi izan duten batzuen bizipenak eta hausnarketak ezagutzeko aukera izango da bertan.

Kontzentrazio berezia egingo da hilaren 27an

Bestetik, hurrengo asteko ostiralean, azaroaren 27an, Etxeratekin elkarlanean elkarretaratze berezia antolatuko da Gudari plazan. Bertan musikak eta kulturak tarte berezia izango dute preso eta iheslarien etxeratzea eskatzerako orduan, ostiraletako ohiko zitari bultzada berri bat eman asmoz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!