«Gu bakearen aldekoak gara eta ez dugu gerrarik nahi, baina behartu egin gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 00:00

Kontzentrazioa izan zen atzo Plaza Berrin, Sahara herriari elkartasuna adierazteko. 

Saharako lege ordezkaria den Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen larunbatean Mendebaldeko Saharan, Marokoko indar armatuek 1991an sinatutako su-etena apurtu zutelako. «Sahararrek bukatutzat ematen dugu su-etena, baina Marokoko indar armatuek tiroz, misilez eta labanez eraso egin dutelako lehenik eta, beraz, beraiek behartu gaituzte hau egitera» salatu du Chej Ahmed Bahiak, Hernanin bizi den herritar sahararrak. Frente Polisarioko kide izan zen, eta Sahararen eskubideak eta askatasuna aldarrikatzeko borrokatu zuen urte askotan. Egun, 11 urte daramazki Hernanin eta bere herriak bizi duen egoera azaldu dio Kronikari. «Sahararrak ez gara gerraren aldekoak, bakearen aldekoak baizik. Baina gure herria beti egon da errepresiopean, eta ez digute utzi gure ideiak askatasunez adierazten». 

Saharak eskatzen duen bakarra da, Ahmeden esanetan, «demokraziako egun bat, sahararrek aukera dezaten Sahara Marokon integratuta dagoen herria izatea, ala estatu independentea izatea». Horrez gain, zera adierazi nahi izan du: «erreferendumean ateratzen den emaitza onartuko dut, hautestontzien aldekoa naizelako; baina, horretarako, erabakitzeko eskubidea bermatu behar dute». Izan ere,  1991garren urtean Marokok eta Saharako Frente Polisarioak bake akordioa sinatu zuten, horren ondoren herri sahararraren autodeterminazio prozesua ahalbidetuko zelako. Ahmeden esanetan, ordea, «erreferenduma ez da inoiz heldu, Marokok beti trabak jarri izan dituelako».  

«Inflexio-puntua izan da larunbatean gertatutakoa: guk su-ete­na sinatu genuen erreferenduma egoteko, bestela ez genuen halakorik baimenduko»

«Erreferenduma nahi dugu»

1988garren urtean Nazioen Batuen Erakundeak konponketa-pla­na onartu zuen. «Afrikar Batasunerako Erakundeak egin zuen eta NBEk berrestu zuen», azaldu du Ahmedek. Plan horren ondoren su-etena indarrean sartu zen 1991ean, baina esan bezala, «Marokori ez zaio interesatzen Sahara estatu independentea izatea, eta beti jarri izan dituzte traba ugari». Baina horretarako sinatu zuten, hain justu, su-etena. «Ez genuen akordio hori onartuko erreferenduma egingo ez zela jakin izan bagenu», salatu du. «Erreferenduma ez da materializatzen». 

Marokok erreferenduma ez egiteko jarri izan duen beste «aitzakia» batzuen artean dago Saharan erroldatutako herritar kopuruarena. «Marokok esan zuen, duela urte dezente Espainiako estatuak Saharan kontabilizatutako biztanle kopuruaren emaitzan 130.000 herritar falta direla». Marokoarrek saharar horiek erroldan agertzea nahi dute, «eta horregatik ez dute onartu, diote, autodeterminazio prozesua abian jartzea», kontatu du Ahmedek. Baina urteek aurrera egin dute eta hori izan da trabarik haundienetarikoa Saharako herriarentzat: «2007an Marokok esan zuen erreferenduma egiteko epemuga  pasa zela eta ezinezkoa zela hori aurrera eramatea». Gainera, aipatu du, «marokoarrek esan zuten NBEk berretsi egin zuela Marokok esandako hori, baina hori ez da egia». Ahmedek salatu du, Marokok orain arte egin duen bakarra izan dela «mehatxua, gezurra eta errepresio bortitza». 

2007az geroztik negoziazio prozesua luzea izan da. «Estatu Batuetan, Portugalen… leku askotan izan dira Saharako gatazka konpondu nahian, baina Marokok beti ezetz esan du», kontatu du. «Nazio Batuen Erakundeko 4 idazkari nagusi eta  beste 4 ordezkari berezi egon dira Marokon, baina ezer ez». Halaber, Saharako herria munduko potentzia nagusiek errepresiopean dagoela salatu dute. «Marokok mugimendu guztiak Frantziarekin elkarlanean egiten ditu. Sahararen gatazkari amaiera eman liezaioketen erabakiei betoa jartzera ere iritsi da». Eta gauza bera gertatzen da, azaldu du Ahmedek, Espainiarekin. «Etengabe laguntzen dio Marokori logistikoki eta militarki. Emandako azken laguntza izan da 65.000 euro balio duten 120 4x4 ibilgailu bidaltzea Marokora, berez, immigrazioa saihesteko». Hala ere, «hori aitzakia hutsa da; auto horiek bidali dituzte Marokoko indar armatuek zentro hutsetan dauden sahararrak erasotzeko».  
Kate haundien izenak aipatu ditu Ahmedek, Saharak bizi duen ustiapen ilegalaren adibidea emateko. «Mercadona edo Eroski bezalako supermerkatuan aurkitu ditzakegu gaizki etiketatuta dauden produktuak:  Marokon fabrikatua jartzen du, baina hori gezurra da, bertan ez dago horrelakorik», esan du. «Sahararrak diren baliabideak ustiatzen, espoliatzen eta gaizki etiketatzen dituzte». 

Kontatu duenez, 2002garren urtean Marokoren eta Sahararen arteko «errail ilegala» zabalu zuen Marokok. «Sahararen baliabideak arpilatzeko bide bat da hori». Ahmeden esanetan, aipatutako hori adibide bat besterik ez da. «Urteak daramazkite gure lurretan sartzen eta ilegalki guztia ustiatzen, gure herriak duen guztiaz probetxu hartzen». Horregatik,  azaldu zu Saharako herria «nazkatuta» dagoela. «Haurrak, helduak eta adineko pertsonak atera dira kalera; gizonezkoak zein emakumezkoak... denak», kontatu du Ahmedek. «Borrokarako prest gaude».

«Espainiak eta Frantziak Marokok egiten duena babesten dute beti; militarki eta logistikoki baliabideak bidaltzen dizkiete, herri saharauia erreprimitzeko asmoarekin»

«Gure herria liberatzeko armak aterako ditugu, ez digute beste aukerarik utzi»

Hori guztiagatik, gerra «aspaldi» hasi zela aitortu du Ahmedek. «Larunbatekoa inflexio-puntua izan da eta orain hasi da bigarrnen gerra Saharan». Mezu argia helarazi du Frente Polisarioko kide ohiak: «Guk, sahararrok, askatasunaren alde borrokatuko dugu armekin, beraiek nahi edo ez nahi». Hori aipatzean gogoeta egin du Ahmedek: 11 urte daramazki Hernanin, eta «inpotentzia» sentitzen duela aitortu du. «Ez da erraza gertatzen ari den hau, baina ez digute beste aukerarik utzi». Kontatu du Frantzia, Espainia eta Nazio Batuen Erakunde bera ere beraien aurka ageri dela. Azken horri buruz, adierazi du jarrera pasiboa «galdu» duela. «Argeliak eta Jainkoak bakarrik babesten gaitu», azaldu du. «Gainera, tamalez, entzun dut Marokon bizi den argeliarrak zapaltzen eta erreprimitzen ari direla. Ez dugu hori onartuko, esku hartzeko ordua da».

Tinko heldu dio Chej Ahmedek, elkarrizketaren agurrari:  «Gora Euskal Herria! Sahara askatu!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!