Hiru egun baino ez dira geratzen Euskaraldia-Euskara Ari Du ekimena hasteko, eta Hernanin ere prest daude egun horretarako. Azaroaren 20tik hasita abenduaren 4ra arte, milaka euskal herritarrek hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboan parte hartuko dute. Hernanin ere ez dira gutxi izango bi rolen arteko jokoan partaide izango direnak. Batzuk ahobizi izango dira, eta beste batzuk, berriz, belarriprest, eta batak nahiz besteak euskeraren erabilera sustatzeko rol aktiboa hartuko dute. Horrela bada, Euskaraldia-Euskara Ari Dun parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa da eta azaroaren 19ra arte izango da aukera. Horretarako hainbat bide daude: alde batetik, https://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean; bigarrenik, Biteri Kultur Etxean utzita dauden orriak bete eta harrerako kaxan utziz; hirugarrenik, 689675462 telefono-zenbakira deituta; eta azkenik, Euskara Ari Duren bulegora gerturatuta (Larramendi 11).
Bestalde, Euskara Ari Du ekimeneko herri batzordeko kideak ariketarako txapak banatzen aritu dira pasa den bi asteetan, eta aste honetan ere txapak banatzen jarraitzea aurreikusita dute. Gaur eta ostegunean 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etik 19:00etara izango dira Larramendi 11ko bulegoan, eta asteazkenean eta ostiralean, aldiz, 9:00etatik 13:00etara. Eguraldia lagun bada, arratsaldeetan kalean mahaiak jartzeko asmoa ere badute. Mahaietan, txapak jasotzeaz gain, izena emateko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
«Balorazioa oso poitiboa da»
Pandemiak gogor jo ditu hernaniar guztiak eta azaldu dutenez, Euskaraldia-Euskara Ari Du ekimenak ere aurrera egiteko «zailtasun haundiak» izan ditu. «Konfinamendua zela eta, entitateen izen-emate kanpaina nahi baino beranduago abiatu behar izan genuen, eta denbora-tarte eskasa eta taldeekin biltzeko arazoak zirela medio, taldeetara gerturatzeak lan handiak eman dizkigu». Halaber, norbanakoen izen-ematearekin ere arazoak izan dituztela adierazi dute: «Ez zen batere samurra izan». Egoerak okerrera egin ahala, aurreikusita zeuden ekintza eta jarduera dezente bertan behera utzi behar izan zituzten, «jende multzoak saiheste aldera», kontatu dute. Horregatik, ezin izan zituzten egin, besteak beste, prestakuntza-saioak eta ekimenaren aurkezpenak.
Herri Batzordearen asmoetako bat zen euskeraren erabileraren neurketak egitea Euskaraldia-Euskara Ari Du ekimenaren aurretik eta ekimenak irauten zuen bitartean, «horrelako aktibazio-ekimen batek biztanleriarengan zenbaterainoko eragina izan dezakeen kuantitatiboki neurtzeko». Hala ere, egun kalean ibiltzeko ditugun murriztapenak kontuan izanda, «ez da bideragarritzat jo neurketak egitea, ez bailirateke errealak izango», esan du Leire Otxotorenak, Hernaniko ekimenaren arduradunak.
Edonola ere, eta zailtasunak gorabehera, orain arteko kanpainaren balorazioa «oso positiboa» dela kontatu du Otxotorenak. Entitateen kanpainan, 162 entitatek egin zuten bat ekimenarekin eta beren baitan ariguneak identifikatu zituzten. Entitateen izen-ematea amaitzean, beste zortzi entitatek jo zuten herri-batzordera, ekimena sustatzen laguntzeko. Beraz, esan daiteke Hernanin 170 entitatek parte hartu dutela aktiboki ekimenean.
Entitateen profilari erreparatuz, gehienak esparru sozioekonomikoko entitateak dira, alegia, denda txikiak, tabernak, jatetxeak, enpresak… «Datu bereziki pozgarria da», helarazi dute. «Orain arte, arlo soziokulturaleko taldeekin izan genuen eta izan dugu harremana batez ere, eta aurtengo ekimenak harreman-sarea lan-eremuko taldeetan zabaltzeko aukera eman digu. Hala, euskalgintzaren erronka nagusienetako bati, lan-munduaren euskalduntzeari, heltzeko bidearen oinarriak finkatzen hasi gara», aitortu dute.
Banakakoen izen-emateari dagokionez, «uste baino hobeto doala azpimarratu behar dugu, nahiz eta martxoan alarma piztu zenetik jakin badakigun Euskaraldia-Euskara Ari Duk ez duela izango hasiera batean pentsatu genuen irismena», aitortu du Otxotorenak. «Dena dela, egungo ezegonkortasunak eta zailtasunak aintzat hartuta, emaitza onak izaten ari gara». Beraz, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa arrakastatsua izatea espero da, Hernanin behintzat.
Ahobiziak dira gehiengoak
Parte-hartzaileen profilari dagokionez, datu hauexek eman ditzakegu: parte-hartzaileen % 85ek ahobizi rola aukeratu du, eta % 15ek, belarriprestarena. «Ehuneko horiek esperotakoak diren arren, aurrera begira belarriprestak aktibatzeko ahalegin berezia egin behar dugula uste dugu», jakinarazu dute. Bestalde, generoaren araberako banaketari dagokionez, parte-hartzaileen % 63 inguru emakumezkoak dira; % 35, gizonezkoak; eta % 0,8 inguru, genero ez-binariokoak. «Datu honek antzeko beste egitasmo batzuetan jazotakoa berretsi du: emakumeek horrelako ekimenetan parte hartzeko joera haundiagoa izaten dute gizonezkoek baino», azaldu dute ekimeneko arduradunek.
Adinari erreparatuz gero, parte-hartzaileen % 16k 25 urtetik behera ditu; %78 inguru 26-64 artekoa da, eta % 5, 65 urtetik gorakoa. «Adinekoen kopurua bereziki txikia izan da. Kontuan izan behar da egungo egoerak beldur handia sortu duela biztanleriarengan, bereziki, arrisku-talde handienetan, eta hori jendearekin hartu-emana izatea eskatzen duten ekimenetan parte hartzeko oztopo izan daiteke», ondorioztatu du Otxotorenak.
Beste datu aipagarri bat da aurten lehen aldiz ekimenarekin bat egin duten parte-hartzaileen kopuruarena. Une hauetan, ekimenean izena emanda daudenen %37 inguruk estrainekoz parte hartuko dute Euskaraldia-Euskara Ari Du ekimenean. Bere aldetik, banakakoen izen-emate kanpainan sare sozialek eta Internet bidezko harremanek «inoiz baino garrantzi handiagoa» izan badute ere, herriko taldeek beren baitan egindako lana eta ekimenari eskainitako laguntza nabarmendu nahi izan dute Euskara Ari Du ekimeneko arduradunek. «Zailtasunak zailtasun, Hernaniko talde batzuk banakako izen-ematea sustatzen ibili dira beren baitan eta haiei esker jende gehiagorengana iristeko aukera izan dugu. Garai zailak dira denontzat, baina pixkanaka-pixkanaka, Hernaniko euskaldunon sarea ehuntzeko eta trinkotzeko baliagarria izaten ari da ekimena», adierazi dute.
«Harrera eta jarrera ezin hobeak izan dira»
Leire Otxotorenak eta ekimenaren atzean dagoen lantaldeak, halaber, haiekin bildu diren guztiek ekimenari egindako harrera ona, bai eta izandako jarrera «ezin hobea» azpimarratu nahi izan dute. «Herriko dendariekin izandako ezusteko polita aipatu gabe ezin dugu utzi. Gehienen aldetik hitz onak besterik ez ditugu jaso eta sekulako ongietorria egin digute beraiengana jo dugunetan», adierazi dute.
Horrez gainera, gogoan izan dituzte ekimenarekin bat egin arren, Euskaraldian arigune gisa parte hartu ezin izango duten entitateak, hau da, ostalaritzako negozioak. «Gure babes osoa adierazi nahi diegu, eta hernaniarrei gogorarazi nahi diegu Euskaraldia-Euskara Ari Du ekimena amaitzen denean ere, haietara joaten jarraitzeko, euskeraz lasai hitz egiteko eremuak dira eta».
Azkenik, une hauetan Euskaraldia-Euskara Ari Du ekimenean parte hartzeak zenbaterainoko garrantzia duen ohartarazi nahi izan dute. «Jakin badakigu nahi baino aukera gutxiago izango ditugula hizkuntza-ohiturak aldatzeko, egungo egoerak harreman sozialak murriztea eskatzen duelako». Dena dela, saiakera txikienak ere «balio haundia duela» nabarmendu nahi izan dute. Horrekin batera, gehitu nahi izan dute, konfinamendua hasi zenetik «ohikoak» izan direla euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketak. «Etorriko diren murrizketek euskalgintzari bete-betean eragingo diete eta horretan dihardugunok aurrera egiteko zailtasun handiak izango ditugu. Horregatik, hain zuzen, beharrezkoak dira Euskaraldia-Euskara Ari Du bezalako ekimenak, euskeraren auzia denon ahotan egoteko lagungarriak baitira», amaitu dute.