Udaran ikastetxeetan egin diren lanen berri eman du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 00:00

Meabeko hondar eremuko txabola, berrituta.

Hernaniko eskolen birgaitze lanak egiteko guztira 130.000 euroko inbertsioa egin du Udalak. 

Udara garai egokia izaten da herriko ikastetxeetan egokitzapenak egiteko. Alde batetik, jardunik ez dagoelako eta, bestetik, Zerbitzu Publikoetako udal langileek beraiek egin ahal izan dituztelako lan horietako asko, kanpoko kontrataziorik egin beharrik gabe. Horrela izanik, guztira, 130.000 euroko inbertsioa egin du Udalak. Obrak egin dituzte Laubidietan, Meaben, Bidebietan, Urumean eta Haur Eskolan.

Laubidietan egindako lanei dagokienez, urmaelera iristen den erreka konpondu eta berritu dute. Hoditeriaren konponketa egin dute, ura berritzeko sistema instalatu dute, eta errekako kanala inpermeabilizatu dute. Udalak jakinarazi duenez, lan horiek eskolarekin elkarlanean egin dira.

 

Bestalde, gimnasioko aldageletako dutxak eta komuna berritu dira, egungo beharretara egokitzeko. Eta gainera, sare berdearen konponketa egin da, sukaldeko lurraren urteroko tratamendua egin dute, gimnasioan margoketa lanak egin dituzte eta iturri berria jarri da tolarearen ondoan.

 

Halaber, Meaben hondar eremuko txabola berritu da, sarrerako ate zuriak margotu dira eta atzeko mendiko lorategiak birmoldatu dira. Bidebietan, berriz, aterpea eta sarrerak margotu dira. 

 


Elizatxon ere hainbat aldaketa egin dira: B eraikineko lehenengo solairuko komunak berritu dira. Gainera, sexu-bereizketarik egin gabe diseinatu eta berritu dira; espazio bakarra ireki da guztientzat. Elizatxo Berriko argi-indar instalakuntza osoa egokitu da, aterpe txikiko teilatu-hodiak aldatu dira eta ganbarako arotzeria metalikoa aldatu da, beste lanen artean. 

 


Urumea Ikastolan egindako lan garrantzitsuenen artean daude teilatu-hodiak aldatzea, lehenengo solairuko patioko barandak konpontzea eta margotzea, eta aterpeko hesiak eustea eta tinkatzea.

 

Azkenik, Haur Eskolan teilatu-hodiak berritu dira eta atzeko arrapalaren zorua egokitu da, ez irristatzeko.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!