EAJ-PNVk dio «premia haundikoa» dela ostalariei laguntza ematea

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 00:00

Zenbait baldintzekin, baina itxita egon den jatetxe eta taberna bakoitzari 3.000 euro emateko eskatu du alderdi politikoak, horien «egoera hobetzeko». 

Azaroaren 7an ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak ixtearen agindua. Kolpe latza izan zen ostalarientzat,  horietako askok ez dakitelako beraien negozioen etorkizuna zein izango den. Egoera horren aurrean, Hernaniko EAJ-PNVk  EH Bilduri azaldu dio beharrezkoa dela «berehalako» esku hartzea egitea. Ostalaritzari laguntzeko neurriak jartzeko eskatu dio, «presazkoa eta premia haundikoa» dela adieraziz.

Andoni Amonarraizek onartu du Udalak ez dituela «mugarik gabeko» baliabideak. «Hala ere, garaiz gabiltza esku hartu eta ostalariei laguntzeko; izan ere, joan den urtean onartu eta aurten oraindik martxan jarri ez diren proiektuen baliabideak ditu Udalak».

Amonarraizen esanetan, «os­talaritzaren sektoreak ditu­en beharrak larriak dira. Horregatik, ezin da denbora gehiago galdu». Hori horrela, eskaera bat egin dio EH Bilduri: «Itzuli beharrik gabeko 300.000 euro inguruko laguntza-partida bat egokitzeko eskatzen dugu. Diru kopuru horretatik, 3.000 euro egokituko zaizkio jatetxe edo taberna bakoitzari», helarazi du.

Horrekin batera, egindako eskaera hori joan den astean Eusko Jaurlaritzak jakitera eman zituen laguntzekin bateragarria izateko eskatu du EAJ-PNVk. «Hori bermatzen bada, gure ustean ostalariek hornitzaleei ordaintzeko aukera izango dute, eta gainerako gastuei aurre egin ahal izango diete». Laguntza hauek eskatu ahal izateko, ostalariek bete beharreko baldintza bat proposatu du alderdi politikoak: «ixteko agindua amaitzen denetik, negozioa gutxienez 4 hilabetez irekita egotea».

Laguntza eskatzeko prozedurari dagokionez, EAJ-PNVk adierazi du lege-izapiderik azkarrena zein den jakiteko laguntza eskatu dute. «Erantzunaren zain gaude, egoerari konponbidea ahalik eta azkarren jartzeko eta helburua lehenbailehen bete ahal izateko». Azkenik, Amonarraizek helarazi du, nahi dutenek hobetu dezaketela egindako proposamena,  baina «orain» dela esku hartzeko unea.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!