Hernani Errotzen

Iñaki Lopez de Luzuriaga Wikipediaren eta Wikimediaren gainean ariko da ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 00:00
Iñaki Lopez de Luzuriagak emango du hitzaldia ostegunean.

Hernani Errotzenek antolatuta, Euskal Wikilarien Elkarteko batzordekideak emango du hitzaldia ostegun honetan. Biterin izango da, arratsaldeko 19:00etan. Aretoko aforoa mugatua da eta, beraz, sarrera itxiko da eserleku guztiak betetzen badira. 

Hernani Errotzenek antolatuta, ostegun honetan Iñaki Lopez de Luzuriagak, itzultzaile eta Euskal Wikilarien Elkarteko batzordekideak, hitzaldia emango du Biteri kultur etxean. Saioaren izenburua hauxe da: Zer egin dezakegu euskaldunok Interneten? Wikipediako eta Wikimediako proiektuek eskaintzen dituzten aukerez eta premiez ariko da saioan. Funtsean, digitalizazioaren eta kulturaren garrantzia azpimarratuko du hitzaldian. 

Mintzagai izango ditu historia, ondarea eta aisialdia. «Batez ere, hizkuntza berrerabiltzeko, bizkortzeko eta biziberritzeko gailuen garrantziaz ariko da», azaldu dute Hernani Errotzeneko kideek. Horiez gain, gailuen konfigurazioko hizkuntza aukerak ere landuko ditu. Eta hitzaldiarekin amaitzeko, Wikimedia Commons eta Wikidata -datu base askea- tresnak zer diren azalduko du hizlariak. Hortaz, hori guztia landuko du López de Luzuriagak osteguneko saioan. 

Aipatu moduan, Euskal Wikilarien Elkartea sortu zuen duela 4 urte, eta orduztik buru-belarri aritu da horretan lanean.  «Sakabanatuta» zeuden wikilariak elkartzeko asmoz sortu zuen elkartea, eta Wikipedian ordezkaritza bat sortu zuten, euskerari dagozkion kontuetan koordinatzeko helburuarekin. 

Plazak mugatuak dira

Antolatu diren gainerako ekitaldien eta hitzaldien moduan, osteguneko saioan aforoa mugatua izango da. Kasu honetan, ordea, ez da aldez aurretik izena eman behar. Izan ere, jakitera eman dutenez, eserleku guztiak betetzen badira sarrera itxi beharko dute. Esan bezala, Biteriko areto nagusian izango da, arratsaldeko 19:00etan.  Hernani Errotzenek jakinarazi du segurtasun neurri guztiak bermatuko direla, eta gogorarazi du nahitaezkoa dela maskarillaren erabilera.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!