C.R. Ferrolen aurkako partidua atzeratu egin da, bigarren aldiz, positiboak egon direlako

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 15a, 00:00

Mikel Imaz hernaniarra 'touch'-ean, baloia eskuetan duela.

Hernaniarrek 2020-2021 denboraldiko lehen jardunaldiko norgehiagoka gaur jokatu behar zuten Landaren, etxean. Hala ere, partidua atzeratu egin da, Coruñako taldeko jokalari batzuek positibo eman dutelako PCR proban.

Hernaniarrek gaur zita garrantzisua zuten etxean, baina koronabirusa dela eta bigarren aldiz atzeratu behar izan dute norgehiagoka. 2020-2021 denboraldiko lehen partidua jokatzekoak ziren Landareko zelaian, C.R. Ferrolen aurka. Hala ere, azken momentuan atzeratu egin behar izan dute, Federazioaren aginduz. «C.R. Ferroleko jokalari batzuek positibo eman dute eta protokoloagatik partidua gaur ez jokatzea erabaki dute». 

Araudiaren arabera, partidua bertan behera geratzeko edo atzeratzeko beharrezkoa da 6 jokalarik positibo ematea. «Kasu honetan, C.R. Ferroleko jokalari batek edo bik eman dute positibo, eta besteren baten emaitza zehaztu gabea delakoa izan da. Horregatik, berez partidua zuzenean galdutzat eman beharko lukete Coruñakoek», azaldu dute Hernani Errugbi Taldekoek. «Hala ere, Federazioak norgehiagoka atzeratzea erabaki du, eta ez da horrelakorik gertatu».

 

Abenduko zubira atzeratu dute

HCRE-ko arduradunek jakitera eman dutenez, gaur jokatzekoa zen partidu hau abenduaren 5ean, 6an, 7an edo 8an jokatuko da, «egoerak hori baimentzen badu». Izan ere, azaldu dute «horrela jarraitzen badu, txapelketak ez du hilabete gehiago iraungo».

Datorren jardunaldia Landaren izango dute Eibarren aurka, larunbat arratsaldean. «Gogo haundia dugu eta gogor ari gara entrenatzen, nahiz eta partiduak ikuslegorik gabe jokatzea latza den guretzat».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!