Errugbia

Hernanik bihar jokatuko du Landaren, C.R. Ferrolen aurka, ikuslerik gabe ateak itxita

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 00:00

Hernanik otsailean jokatu zuen azkenengo partidua Landaren.

Lehenengo jardunaldiko partidu atzeratua 12:00etan hasiko da. Bi taldeek lehenengo partidua irabazi zuten eta hernaniarren aurreneko partidua izango da etxean otsailetik.

Hernanik bihar jokatuko du 2020-2021 denboraldiko lehen partidua Landareko zelaian C.R. Ferrolen aurka. 12:00etan hasiko da, Ohorezko B Mailako norgehiagoka. Lehen jardunaldiko atzeratutako partidua da biharkoa eta beste talde igo berri baten aurka izango da. 

Bi taldeek lehenengo partidua irabazi egin zuten, baina hernaniarrak dira faborito argiak bost puntu lortu eta lehenengo postura igotzeko sailkapenean. Eusko Jaurlaritzak publikatutako azken protokoloaren arabera partidu hau harmailetan ikuslegorik gabe jokatu beharko da.
 

Partiduak ikusteko sistema berria ezarri nahi da denboraldian

COVID-19 dela eta urte zaila izango da aurtengoa eta horren harira partiduak ikusteko izango diren neurrien berri eman du Hernani Errugbi klubak.

Eusko Jaurlaritzatik iritsi den azken protokoloaren arabera zelaiaren aforoa %60an bete daiteke eta gehienez ere 600 ikusle egon daitezke, guztiak eserita. Eta eserita eta COVID-19ak ezartzen dituen babes neurri guztiak betez gero 200 abonaturentzako lekua egon daitekeela aurreikusten dute klubean. 

Instalazioetara abonatuak bakarrik sartuko dira oraingoz webgune bitartez lekua hartuz

Hori horrela, ezingo dute bazkide guztiak sartu Landareko harmailara partiduak ikustera. Ondorioz, instalazioetara sartzeko eskubidea abonatuek soilik izango dute.

Horren aurrean, ondorengo sistema martxan jartzea erabaki dute: Partida bakoitzaren aurreko astean, HCREren webgunean esteka bat jarriko dute, eta ostegunera arteko epea emango dute partidura joan nahi duten abonatuek izena eman dezaten. Aforoa baino eskaera gehiago egon badira, ostiralean eskaera guztien artean zozketa egingo da.

Elbarritasun edo ezintasunen bat daukatenek Kantina aurreko gunea edukiko dute beraientzat gordeta, eta ez dute zozketan sartu beharko Landarera sartzeko. Beste inork ezingo du gune hau erabili, klubaren baimen zehatzik ez badu.

Sistema honekin froga egingo dute aste honetan. Lehen partidu honetatik ikasi eta, hurrengo jardunaldietarako, sisteman beharrezkoak izango diren aldaketak egingo dituzte, beti ere hobetze aldera.

Era berean jakinarazi nahi da urte atipiko honetan esponsor eta instituzioetatik etortzen ziren laguntzak zeharo murriztu zaizkiola klubari eta zaleen babesa beharko da, nahiz eta agian aurten Landarera sartzeko aukera ez den izango. Egoera zail hauetan «zuen ulermena ezinbestekoa da, beti izan den bezala, gure jokalariei eta klubari babesa emanez eta era berean bultza eginez». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!