«Renoko Unibertsitatean, oraingoz, oinarrizko baliabide gehiago ditugu Euskal Herrian baino»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 00:00

Iñaki Arrieta 2015ean joan zen Estatu Batuetara, Nevadako estatura hain zuzen.

Iñaki Arrieta hernaniarra da bertako Euskal Liburutegiko zuzendaria, Nevadan (EE.BB.), eta profesionalki bertara joateko aukera izan zuen orain 5 urte. «Euskal programa potentea dago».

Iñaki Arrieta Baro (Hernani, 1976) hernaniarra 2015eko irailetik, Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko zuzendaria da Nevadan (EE.BB.). Euskal Herritik kanpoko euskal kulturaren funts nagusia da Renoko Unibertsitatea.

Iñaki Arrieta Deustuko Unibertsitateko Historiako lizentziaduna da. Eusko Ikaskuntzaren Mediatekan hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta, ondoren, Euskomedia Fundazioaren taldean sartu zen. Talde horretan, 2003tik 2014ra bitartean, proiektuen arduraduna izan zen.

Ondoren etorri zitzaion Estatu Batuetara joateko aukera eta horri heldu zion. «Liburutegiko plaza libre zegoen. Batetik, ikergune zentroa dago eta bestetik euskal Ikasketen liburutegia». Azken horretan hasi zen lanean historialari hernaniarra.

«Kronikaren bitartez jarraitzen ditut Hernani eta bailarako berriak, azkenaldian obsesioa daukat»

Renoko unibertsitatean, euskal programa potentea omen da. «Estatu Batuetan euskaldunen diaspora 60 milakoa da guztira. Komunitate txikia da, Renon daukagun ikusgaitasuna ez da haundia, baina euskaldunak baloratzen dira eta presentzia garrantzitsua da,  hala ere Nevadan, Boisen baino gutxiago. Boise kasu bereziagoa da, Idahoko hiriburua da eta euskaldunen bisibilitatea haundiago da, nahiz eta komunitate haundiena San Franciscon egon, baina gutxiago ikusten dira».

Reno erdi bidean geratzen omen da bisibilitate aldetik. «Ikerketa gunea dago, euskal etxea, euskal liburutegia badago, orain jatetxe bat geratzen da bigarrena orain gutxi itxi eta gero. Badago komunitatea eta batez ere ezagutza euskaldunekiko, artzainekin lotuta».

Euskeraz lan egiteko aukera badu. «Lanean euskeraz egin dezaket, ikergune zentroa leku berean dago eta aukera hori dago. Oraintxe bertan euskal arte eta literaturaren inguruan, diasporako emakumeen inguruan tesiak ingelesez ari dira  lantzen, baina gaiak euskal herriaren ingurukoak».

Ikerketa zentruko irakasleekin posible da euskeraz egitea, «Xabier Irujo, Araitz Ariznabarreta... irakasleekin. Hortik kanpora ez, liburutegiko langileekin ez dut hitz egiten eta orokorrean ingelesez aritzen gara»

Hernani eta bailarako berriak zorrotz jarraitzen ditu. «Azkenaldian obsesioa dut jarraipena egiteko, batez ere Kronikan eta Berrian. Telebistan oso gutxi egiten dut jarraipena, prentsa idatzian aldiz asko».

«Bisibilitate aldetik Boise da euskaldunen erreferente, baina euskaldun gehien San Franciscon daude»

 

«Maialen Lujanbio, txikitako lagunarekin, Renon egotea ederra izan zen pertsonalki eta akademikoki»

Orain bi urte Maialen Lujanbiorekin egoteko aukera izan zuen orain bi urte. «Ederra izan zen akademikoki eta pertsonalki, nos­ki, txikitako laguna bertan ikustea. Azkenengo aldiz Hernanin ikusi ginenean 2016an, txantxetan, agian Renon ikusiko ginela esan nion. Hortik bi urtera egi bihurtu zen txantxa hura. Elkon Cowboy Poetry Gathering, poesia errezitatu egiten da eta hor konexioa dago euskaldun komunitatearekin. An­to­latzaileek bertsolaritzari presentzia eman nahi zioten eta kolaborazio baten bitartez inprobisazioaren inguruko kongresu bat antolatu genuen Renoko unibertsitatean. Horretarako etorri ziren Iguaran, Miren Artetxe eta Maialen. Aurreko urtean liburua argitaratu genuen. Aurten ezin izan dugu berriz antolatu; oso programa ederra genuen alderdi kulturaletik eta akademikotik eta Maialen berriz etortzekoa zen».

 

«Pertsonalki ez da erraza pausoa ematea, baina profesionalki ona da»

Estatu Batuetara joateko pausoa ez zen erraza izan Arrietak dioenez. «Desagertu egiten zara eta ez da erraza geratzen direnentzako, ezta joaten direnentzako. Pozten dira profesionalki sortzen den aukeragatik, baina aldi berean pena hartzen dute guregatik eta noski alabarengatik. Hiru urte zituen bertara iritsi ginenean».

Hala ere, gaur egun teknologiak distantzia arintzea lortzen du. «Eskerrak orain skype edo zoom bidez gertutasun bat dagoen, ez orain 20 urte bezala. Ez da gauza bera baina egunero zaude kontaktuan eta garrantzitsua da».

Arrietak dagoeneko bost urte daramatza Renon eta balorazio bat egin dezake. «Esperientzia ona da profesionalki. Zailena Euskal Herria uztea izan da, bertan genuen bizitza, familia eta horrek aldaketa zaildu egiten du. 40 urterekin joatea emozionalki karga ere haundiagoa da, gurasoak eta familiaren zati haundi bat uzten duzu. Bestelakoan aldaketa ona da. Alderdi profesionaletik beste mundu bat da, baliabide gehiago ditugu oraingoz».

Reno hiri ertaina da eta 450 mila biztanle inguru ditu, baina Arrietak dioen bezala kontuan hartu behar da Nevadak iberiar penintsulak duen lur eremuaren %60a duela eta,  Euskal Herria, bezala 3 milioi biztanle. «Horrek esan nahi du dentsitate oso bajua duela. Demografia desberdina du, bi hirigune haundirekin, Las Vegas, hegoaldean, eta Reno ingurua, iparraldean».

 

Iñaki Arrieta, Renoko Uniberrtsitateko Euskal Liburutegiko zuzendaria da.

 

«Trump-ek Europatik inportatu du estiloa»

Iñaki Arrietaren esanetan orain arteko Presidenteak «aurrekoarekin apurtu zuen Estatu Batuetan, baina Europan horrelako adibideak bazeuden. Bere moduek jendearen zati batekin konektatzen du eta beste batzuekin alderantziz».

 

Nevada izan da, pasa den asteko Estatu Batuetako hauteskudeen erdigunetako bat eta Iñaki Arrieta testigu izan da bertan.  «Jendea asko mobilizatu da alderdi guztietatik, demokratak irabazi dute, baina errepublikarrak inoiz baino boto gehiago lortu dituzte». 1904etik ez zen hain partaidetza haundia egon eta Arrietak bi arrazoi nagusi ikusten ditu bere iritziz. «Trumpen politikak lagundu du jendea mugitzera, pil-pilean zegoen giroa. Eta gero pandemiak ere zirikatu du jendea partehartzera. Orokorrean zerbait egin nahiaren ideia. Horrek bultzatu du horrenbesteko partaidetza».

Iñaki Arrieta Renora iritsi zenean Obama zen presidentea. Ondoren, Trump aukeratu zuten agintari eta gizartea banatu egin zela esan da. Horren inguruan historialari hernaniarrak dio gauzak ez direla «txuri edo beltz. Grisak dira».

«Euskal diaspora noren aldekoa den ez dakigu, ez dago ikerketarik. Banaketa gizartean dago»

«Bi alderdi daude eta bat edo bestea bozkatu behar duzunean polarizazioa beti egongo da. Ez  dago aukerarik, besteak oso alderdi txikiak dira. Egia da Trumpen komunikazio estiloak gauzak narrastu dituela eta nabaritzen da. Apurtu du aurrekoa, baina Europan eduki ditugu estilo horretako politikariak eta estilo hori inportatu egin du». Jesús Gilen adibidea jarrita «estilo hori dauka».

Estatu Batuetan jendeari oso arrotza egiten omen zaio estilo hori. «Munduaren aurrean nola den posible modu zakar hori erabiltzea galdetzen dute askok».

Beste batzuentzat ordea modu gordinean hori entzutea erakargarria dela dio. «Horrek ateak irekitzen ditu. Azpitik badaude jarrera horiek onartu eta suspertu nahi dituenak eta estilo horrek lagundu eta ikusgarritasuna eman die. Presidenteak hori horrela esaten badu, modu irekian, jendeari askatasuna ematen dio edozer esateko. Horrek jendearekin konektatzen du». 

«Partaidetza haundia egon da pandemiagatik eta Trumpen politikak eraginda»

Nevada demokraten alde erori da azkenean eta mundua estatu horri begira egon zen. «Astearte gauetik larunbata goizera arte. Azkenean ez zen erabakiorra izan demokratentzat, baina egun batzuetan memeak eta txisteak egin ziren nevadatarrek botoak kontatzeko lasaitasunaren inguruan».

 

Estatu askotan gertatzen da, baina ez dute oihartzunik izaten erabakiak daudelako. «Mendebaldea eta ekialdea argi daude. Nevada, Arizona, herdoilaren gerrikoak... erabaki dute. Aurreko hauteskundean, Nevadan Hillary Clintonek irabazi zuen. Arizona aldatu da eta herdoil gerrikoa (Rust Belt). Horiek dira aurrekoan Trumpen alde bozkatu zutenak eta oraingoan justu alderantziz izan da».

Landa eremua errepublikarra da eta hiri haundiak demokratagoak dago

Euskaldun diaspora noren alde dagoen ez daki Iñaki Arrietak eta inork ere ez. «Ez dakigu noren aldekoak diren zehazki, ez dago daturik ezta ikerketarik.... nolabaiteko banaketa badago, ez da euskal komunitatearena, gizartearena orokorra da hirigune eta landa eremuen artean. Renon bertan eta Estatu Batuak guztian gertatzen da, New York-en ere Canada ondoko herriak errepublikarrak dira, California iparraldean ere bai».

Euskal komunitatea anekdotikoa da Estatu Batuetan. «Ez dakigu zein den norma. Beste gizarte zabalagoaren islada da. Landa eremuan gehiago izango dira errepublikarrak eta bizi badira hiri inguruan demokratak. Ikerketa hori egiteko aukera egon daiteke eta interesgarria izan daiteke. Daukagun informazioa anekdotikoa da, lagunartekoa eta ezagunena, ez gehiago».

 

«Estatu Batuetan estatuek daramate kudeaketa eta Renoko Unibertsitatean maskarilla eramatea derrigorrezkoa da»

Nevadan industriarik nagusiena jokoa eta kasinoak dira. «Las vegas oso ezaguna da, baina beste industriak garatu dira. Beste estatuetan ilegalak ziren aktibitateen negozioak. Horren adibide izan zen garai batean dibortzioena».

Estatu Batuak nazio federala da eta estatuek eskumen asko dituzte. «Pandemian estatuen mailan kudeatu da eta Espainian edo Frantzian desberdin izan da, Madril eta Parisetik hartu dira erabakiak. Hemen erabaki gehienak estatu mailan hartu dira. Nevadan etxeratze agindua berehala ezarri zuten, beste batzuetan hartu eta planteatu ez zirenak».

Renoko Unibertsitatea uztaila hasiera arte guztiz itxita egon zela dio Iñaki Arrietak. «Gero gauzak irekitzen joan ziren; liburutegira uztaila erdira arte hitzorduarekin joan behar zen eta gero abuztuan guztiz ireki zen. Klase gehienak on-line edo presentzialki eta on-line ari dira ematen. Esker on egunean (Día de acción de gracias-Thanksgiving), azaroko laugarren ostegunean, klase guztiak on-line izatera itzuliko dira eta liburutegia itxiko dugu. Konplikatua da, bi aste atzeratuak goaz Europarekin edo Espainiarekin alderatuta».

Maskarillak derrigorrezkoak dira Nevadan itxiak diren leku guztietan, «kasinoak irekita daude baina maskarila derrigorrezkoa da, baita unibertsitatean kanpusean leku guztietan, barruan eta kanpoan. Erabaki horiek aldatzen dira estatuz estatu eta inkluso konterriz konterri eta hiriz hiri».

Zentzu horretan lurraldez lurraldeka neurriak desberdinak dira hernaniarraren esanetan. «Agindu orokorrak daude gobernadoreak emanak, baina alkateek edota konterriko agintariek hartu izan dituzte neurri zorrotzagoak direnak. Garaian garaian aldatzen doaz. Zehazki ez jakiteak zein diren neurriak, momentu bakoitzean, nahasmen sentsazioa sortzen du».

Datorren urtean gauzak bere onera etortzea espero dute Nevadan. «Orduan zerbait egin dezakegu. Historikoki bi-hiru urtekoak izan dira pandemien iraupenak. Honela gertatu zen orain mende bateko pandemian eta gero Hong Kong-ekoan ere hantzekoa izan zen... Estatu Batuetan bertan 116 mila pertsona hil ziren. Memoria horrena ez dugu. Orokorrean orain jakin dugu horren berri, polioarena eta beste batzuk ezagunak ziren baina Hong Kong-ekoa ez da hain ezaguna. Munduan biraka hiru lau urte egiten dituzte. Kontrolatzea mundu osoan zaila da».

Nevadan industriarik haundiena kasinoak eta jokoa dira. «Estatu Batuetan jokoa ez zen legala eta hemen berriz  bai. «Atlantic City-n bakarrik industri hori zuten, baina hori ez da Nevadaren kasua. Renok beti eduki du gauza erdi-legalen industria. Horren adibide dugu dibortzio legea. Estatu Batuetan ilegala eta bertan legala ziren eta industria sortu zen. Badaude pelikula historikoak cowboyak dibortziatzera doazenak Nevadara».

Cowboy-en lurraldea «eguneroko bizitzan ez dira ikusten Renon. Rodeo jaialdi haundi bat  dago udaberrian eta orduan asko ikusten dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!