Ile-apaindegiak eta BEZa

«%21eko BEZak, hilabetero soldata bat gehiago ordaintzea suposatzen digu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 00:00

Kalera atera dira Hernaniko ile-apaindegiak, «BEZaren jaitsiera eskatzeko».

Kalera irten dira Euskal Autonomia Erkidegoko ile-apaindegiak, eta ez dira atzean gelditu Hernanikoak. Azaldu dute, «BEZa jaitsi arte borrokan» jarraitzeko asmoa dutela. 

Ile-apaindegiek hainbat elkarretaratze egin dituzte Espainia mailan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, «sektorearentzako BEZ murriztua eskatzeko eta aldi baterako enplegu erregulazioetan salbuespenak ezartzeko» aldarrikatuz.

Ile-apaindegiek, %21eko BEZa dute, eta aldaketa hontaz kexatzeko, kalera atera dira hainbat langile. Izan ere, jakinarazi dute, «ezinbesteko zerbitzua» dela ile-apaindegietako eta irudi pertsonaleko lan sektoreak. Horrez gain, askok, ohartarazi dute neurri horiek hartu ezean «hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela, eta 25.700 lanpostu baino gehiago galduko direla».

Protesta, hiru probintzietan

EIPEF ile-apaindegi eta estetika enpresen federazioak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako irudi pertsonaleko elkarteek deituta, hainbat elkarretaratze egin zituzten, «Espainiako zerga agentziak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean».
Donostian, urriaren 26an egin zen protesta, ogasun eraikinaren aurrean, eta bertan izan ziren Urumea bailarako hainbat eta hainbat ile-apaindegietako langile, zein bertako nagusiak.

Federazioak aipatu zuen, sektoreko negozioen % 57,92k ezingo duela 6 hilabete baino gehiago iraun, zehazki 7.380 enpresetatik 4.790ek, eta  honakoa azaldu du, «arriskuan jarriko dira ia 25.500 lanpostu zuzen eta zeharkako askoz ere gehiago».

Hernaniko ile-apaindegiak ere, «haserre»

Hernaniko ile-apaindegiak «haserre» jarraitzen dute, izan ere aspalditik datorren kontua baita BEZarena. 11 Korapilok egoera nolakoa den azaldu du, «aspaldi, esan zuten, BEZa, probisionalki igoko zela, baina ez zen horrela izan, oraindik ez dute jaitsi. Kontua da, BEZa, %8 tik %10era igo beharrean, %8tik %21era igo zigutela. Eta azken boladan, jendeak serio hartu du erabaki hau, eta kalera ateratzen ari dira, baina kontu honekin urte asko daramatzagu».  

Ile-apaindegi askori, «hilabetero beste pertsona baten soldata bat gehiago ordaintzea» suposatzen die, eta 11 Korapilok dio, igoera haundiegia izan dela, «igo izan behar genituen prezioak, baina gure esku egon zen hau guztia. Nik oso gutxi igo nuen, adibidez. Beste askok ez zuten igo, eta batzuek dezente igo zuten». 

Eta argi daukate ile-apaindegiek, zer nahi duten, «ezinbesteko zerbitzu bat gara, beraz gure sektorean BEZa murrizteko eskaera egiten dugu».

Pandemiak ere, eragin kaltegarria, ile-apaindegietan 

Bizi dugun pandemia honek ere, «eragin kaltegarriak» ekarri dizkie ile-apaindegiei. «Ez dakizu noiz etorriko zaizun jendea. Espero duzunean lana egitea, ez dator inor, eta espero ez duzunean berriz, jende mordoa dator. Kantzelazio ugari edukitzen ditugu, azkenean jendeak deitzen dizu esaten konfinatuta dagoela, beraz atzeratu egiten dira zitak». Ustekabean «sorpresa» asko jasotzen direla azaldu du 11 Korapilok.

Neurri ugari hartu behar izan dituzte gainera, hala nola, maskarilen erabilera, gel hidroalkoholikoak, distantziak... «Pandemiak egia esan, gastua ekarri digu, azkenean erosi dugu materiala lehen ez genuena behar, esaterako batak, eskularruak, maskarilak, gelak...
11 Korapilon, «bezeroen eta langileen distantziari garrantzia ematen diogu. Ez daukagu lokal haundia, hala ere, eserleku batetik bestera badago distantzia, eta horrekin saiatzen gara nolabait moldatzen bizi dugun egoerara». 

BEZa jaisteko eskaera 

Ezkatik ere, BEZa jaisteko eskaera luzatu du, «noski, mugimendu honekin oso ados nago eta bat egiten dut. Azkenean %21a asko da, eta aspalditik goaz hau jaisteko eskaera egiten» azaldu du. 

Hala ere, esperantza «gutxi» dauka Ezkatik, izan ere uste du, «ezinbesteko zerbitzu bat dela ile-apaindegiena, momentu honetan, jendeak behar duelako bere burua ondo ikustea, poztasun bat eduki nahi dute bizi dugun egoera tamalgarri honetan». Baina honekin batera, jakinarazi du, ile-apaindegietako produktuak, «luxuzkoak direla». Borrokatzen jarraitzeko asmoa dauka Ezkatik, «hor gaude eta batzuk buru-belarri ari dira lanean eta borrokan».
 
11 Korapilo eta Ezkatikek, argi dute, aspaldiko kontua dela hau guztia, eta Ezkatik dio, BEZa igo zutenean, ile-apaindegiak kaosa izan zirela, «igo genituen prezioak, beste askok beldurra genuen prezioak igotzeko, azkenean bezeroak ohituta zeuden prezio baxuak ordaintzera». 
Egoera larriak pasa dituzte hainbat ile-apaindegik, BEZaren igoerarekin, «ekonomikoki oso egoera estuan egon dira ile-apaindegi asko, eta hori ez da justua. Azkenean bezero segmentuak asko egiten du, batzuk ordainduko dute nahiz eta prezioak igo, eta beste hainbat, ez dira berriro ile-apaindegira itzuliko, behar bada». 

Ezkatik dio, bizi dugun egoera honetan, «luxuzko produktua» dela ile-apaindegiek dutena, eta azaldu du, «pandemia honetan, agian bai dela ezinbesteko beharra, jendeak bere buruarekin gustura egon nahi duelako». Eta horregatik, Ezkatiren itxaropenak baxuak dira, bere ustetan, ez baitute BEZa jaitsiko.  «Azkenean, estatu honetan, autonomo asko daude %21eko BEZarekin lanean».

Ezkatik, pandemia egoeran  prezioak mantendu ditu, «jarraitu dugu prezio berdinekin, ezin ditugu jaitsi. Lana egitean dirua galduko genukeelako. Prezioak jaisten baditugu, dirua galtzen dugu, azkenean %21eko BEZa, ordainduta, diru asko galtzen da». 

Bezeroen «joan etorriak asko aldatu dira»

Pandemiak eragin haundia izan du sektore askotan, haien artean ile-apaindegietan. Eta Ezkatik dio, dena aldatu duela pandemiak, «demagun lau langile dauzkazula, lau langile hauek behar den bezala kobratzeko, lana jeneratu behar da, eta ez da horrela izan. Oraingo egoeran, ez dago lau langileri lana ematerik, ez baitaude hainbeste bezero». 

Hernaniko ile-apaindegiek, argi dute, bat egingo dutela mobilizazioekin, eta borroka honetan jarraituko dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!