Zinea

'Erlauntza' eta 'Shin Chan', asteburuko bi pelikulak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 13a, 00:00

Bihartik astelehenera jarriko dute 'Erlauntza' helduentzat, eta bihar eta etzi gozatuko dute Shin Chanen abenturekin, haurrek. 

Zine emanaldiekin jarraituko du Biterik, asteburu honetan ere; eta oraingoan, jarriko dituz­­te Erlauntza eta Shin Chan en Australia tras las esmeraldas verdes pelikulak. Helduei zuzendutakoa izango da Erlauntza, eta bihartik astelehenera bitarte jarriko dute: bihar eta etzi, arra­tsaldeko 19:00etan hasita; eta astelehenean, ikusleen egunean, 16:30etan.

Shin Chanen pelikula, berriz, bihar eta etzi jarriko dute haurrentzat; bietan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Txikitako lagun talde bat da protagonista Erlauntza filmean, eta landetxe batera joango dira, haietako bat ezkonduko dela eta, despedida egitera. Eta berez zoroa behar zuen asteburua, are zoroagoa izango da, sekula esan gabekoak elkarri esanda, kontu ilunekin, alkohola, drogak... eta erlauntza bat. Mireia Gabilondok zuzenduta, sei euskal aktore dira protagonista: Leire Ruiz, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza, Naiara Arnedo eta Sara Cozar.

Haurrentzako filmean, berriz, familia osoarekin joango da Shin Chan Australiara, eztei bidai baterako eskaintza bat aprobetxatuz; eta ia inor ibili gabeko irla batera iritsiko dira. Gau batean, tribu batek bahituko du Hiroshi aita, eta Misae amarekin eta Himawari arrebarekin abiatuko da Shin Chan haren bila. Bidean, ordea, Indiana Junkorekin egingo dute topo, eta Hiroshiren bila dabil bera ere, jainkoei opari bezala eskaini eta altxorra eskuratzeko. Bera ez da bakarra, gainera: gehiago dabiltza Hiroshiren bila, asmo berberarekin. Haiek baino lehenago aurkitu beharko du aita Shin Chanek, amaren eta arrebaren laguntzaz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!