COVID-19

51 positibo izan ziren, aurreko asteko baheketa masiboan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 13a, 00:00

Zenbait hernaniar, PCR proba egiteko zain, aurreko asteko baheketa masiboan.

2.981 PCR proba egin zituzten guztira, eta %1,71 izan da positiboen tasa.

Baheketa masiboa egin zuen Osakidetzak Hernanin, aurreko astean, COVID-19aren zabalpenari aurre egiteko. 13 eta 40 urte bitarteko herritarrak deitu zituzten PCR probak egitera, eta 2.981 lagun gerturatu ziren kiroldegira, edo ikastetxeetan egin zuten proba; deitutakoen %46,65ak, hain justu.

Horien artean, 51 hernaniarrek eman zuten positibo, Udalak aditzera eman duenez. Egindako proben %1,71 da hori.

Azterlan batean hartuko du parte Hernaniko Udalak

Era berean, Hernaniko Udalak jakinarazi du, azterlan batean hartuko duela parte, COVID-19ak kutsatutakoak arakatzeko irizpideak hobetzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batek bultzatuta. Ugo Mayor da talde horretako buru: «azkeneko datuen arabera, EAEn SARS-CoV2rekin kutsatutakoen erdiak baino gehiagok daki non kutsatu den», adierazi du berak. Eta nabarmendu du, baheketa masiboek «aukera pa­regabea» ematen dutela, birusa­ren transmisio kateak nola hedatzen diren zehazki ulertzeko: «sintomarik gabe eta inoren kon­taktu ez ziren positibo horien guztien laguntzaz, aukera izan dezakegu birus honen hedapena nola ematen den ikusteko. Horrek lagundu dezake, gure herrian arrisku fokoak detektatzen», adierazi du Mayorrek.

Horregatik, baheketa masiboak egiten ari diren Udalen laguntza eskatu dute, eta parte hartzea erabaki du Hernanikoak, «beharrezkoak diren baliabide guztiak ikertzaileen esku jartzeko. Ikerketa horrek balio badu birusaren hedapen moduez gehiago jakiteko eta, ondorioz, hedapena nolabait mu­rrizteko, Hernanin prest gaude horretan laguntzeko, gure herritarren eta euskal jendartearen hobebeharrez», adierazi du Xabier Lertxundi alkateak.

Positibo eman dutenei deia, azterlanean parte hartzeko

Azterlana burutzeko, parte hartzeko deia luzatu diete, urriaren 26tik azaroaren 4ra bitartean PCR proba egin, eta positibo eman zuten hernaniarrei. Horiek, Udalarekin jarri behar dute harremanetan, formulario bat betetzeko. Teknikariek pasako diete galdetegi bat, posta elektronikoz edo telefonoz. Anonimoa izango da galdetegia, eta jasotako informazioa konfidentziala. EHUko ikerketa taldeari bidaliko diote informazioa zuzenean: «hori ziurtatzeko, emaitza horiek hainbat koderen bidez aztertuko dira, informazioa pribatua izan dadin». Galderak izango dira, unitate familiarraren azkeneko egunetako jardunari buruzkoak. 5-10 minutuko kontua da, galdetegia betetzea.

Parte hartzeko, hauek dira harremanetan jartzeko bideak: 010 telefonora deitu (astegunetan, 08:00-14:00); ikerketa@hernani.eus helbide elektronikora idatzi; edo WhatsApp bidez idatzi, 688 840 022 zenbakira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!