Hernaniarrek doako sarrera, beste bi astez

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 12a, 00:00

Luzatu egin du Chillida Leku museoak, herritarrentzako eskaintza berezia.https://www.museochillidaleku.com/

Chillida Lekuk hernaniarrentzat doako sarrerak bi aste gehiago luzatu ditu, eta %50eko beherapena eskaini die urteko abonuan, inguruko herritar guztiei. Jakinarazi dute, sarrera doan izango dela mugikortasuna murriztuta dagoen bitartean, eta horregatik luzatu dute, hain justu, museora doan sartzeko aukera hau. «Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzea» da helburua.

Esan bezala, Hernaniren ondoko herrietako biztanleek ere izango dute museorako sarbide mugagabea urtebetez, 15 eurorengatik, %50eko beherapenarekin. Hala ere, segurtasun neurriak bermatzeko, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira. Museoaren webgunean eskura daitezke: museochillidaleku.com. Gonbidapenen kupoa ordu-tarteka mugatuta dago, segurtasun neurriak bermatzeko.

Aurreko asteetan ere aukera hau izan zuten hernaniarrek, eta emandako datuen arabera, 1.500 herritarrek baino gehiagok bisitatu zuten Chillida Leku dohainik. Azaldu dutenez, museoak uneoro errespetatu ditu indarrean dauden osasun neurriak, eta jende kopurua mugatu dute horretarako. Instalazioak «zorrotz» garbitu dituzte eta, beraz, bisitarien segurtasuna uneoro egon da bermatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!