Saria jaso du, Aratz Ikastetxearen eta Adinekoen Egoitzaren proiektuak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 12a, 00:00
Lehenengo mailako ikasleak egoiliarrekin elkarlanean, aurreko urteko abenduan.

Estatu mailako saria eskuratu du, 'Adineko pertsonekin solasean' dinamikak.

Estatu mailako saria jaso dute Hernaniko Aratz Ikastetxeak eta Adinekoen Eoitzak, elkarlanean garatu duten dinamika batekin: Adineko pertsonekin solasean. ApS bat izan da proiektua. Gaztelaniaz, aprendizaje-servicio esan nahi du, eta norbaiti edo zerbaiti laguntzeko proiektuak dira. Aratz Ikastetxeak ikasketa-prozesuan proiektu hauek tartekatzen ditu, ikasleen hezkuntza aberasteko helburuarekin. Asmoa da «beste kolektiboekin elkarlana sustatzea, eta horrekin, herriko testuingurua eta Ikastetxeko ikaskuntza-irakaskuntza prozesua lotzea», azaldu dute.

Edebé eta Red Española de Aprendizaje-Serviciok antolatzen du sari banaketa, Lanbide Heziketako eta Hezkuntzako Ministerioaren laguntzarekin. 68 aditu aritu dira lanak ebaluatzen, eta azaldu dute, «liluratuta» geratu direla Aratzen proiektuarekin.

Andrea Galan irakasle hernaniarrak Adineko pertsonekin solasean ApS-a sortu zuen joan den ikasturtean. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek, Hernaniko Adinekoen Egoitzako kideekin elkarlanean egin zuten proiektua, eta estatu mailan izan da saritua. «Poz haundiz hartu dugu albistea», azaldu du Galanek. Adineko Egoitzako kideak ere emozionatuta daude berriarekin: «urtero horrelako proiektuak egiteko asmoa dugu, oso aberasgarria izan da umeen eta adinekoen arteko harreman berezi hori sustatu ahal izatea».

«Adinekoen eta umeen arteko harremana normalizatzen ahalegindu ginen, maila kognitibo antzekoa dutela ikusi genuelako», kontatu du Galanek. Joan den urteko abenduan eraman zuten aurrera proiektua. Aste oso bat erabili zuten horretarako, eta askotariko jarduerak egin zituzten egoiliarrek eta umeek, elkarrekin: bingoa, eskulanak, musika-tailerra...

Egoitzako egoiliarrek, proiektuan parte hartzeko gogo haundia azaldu zutela diote Aratzekoek: «bertako hezitzaileek esan ziguten, lehen soinketa egitera animatzen ez ziren aiton-amonak saioetara joan zirela, umeekin egoteko gogo haundia zutelako». Guztiagatik, Aratzek eskerrak eman nahi izan dizkie partu hartu dutenei: «batez ere, egoiliar eta hezitzaileei. Plazer hutsa izan da beraiekin lan egitea; mirestekoa da egiten duten lana».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!