Ernaik bat, etziko mobilizazioarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 00:00

Hernaniko Sarek antolatu du kale buelta, eta Ernaiko kideak ere bertan izango dira ostegunean, arratsaldeko 19:00etan.

Hernaniko Sarek dispertsioaren kontra kale buelta antolatu du, ostegun honetarako. Helburua da «alerta egoera eta orokorrean pandemiarekin preso politikoek beraien eskubideen murrizketa larria jasan dutela salatzea». Horretarako azaroaren 12an, ostegun honetan, Plazatik abiatuta kale buelta egingo dute, arratsaldeko 19:00etan. Ernai ere bertan izango da. Azaldu dutenez, «gazteok badugu zeregina eta zeresana afera honi erantzuteko, guztion erantzukizuna baita elkarbizitzaren, konponbidearen eta bakearen aldeko bidean pausuak ematea».  

Hernaniko Sarek azaldu duenez, gaur egun 187 presotik 170 baino gehiago Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude. «Hernaniko 16 presoetatik 14 daude dispertsaturik Euskal Herritik kanpora», gehitu dute. Egoera kezkagarria dela salatu dute Sarek eta Ernaik. Azken honek adierazi du «injustizia» honi amaiera eman behar zaiola. «Gazteok presorik gabeko Euskal Herria dugu helburu, injustuziarik gabeko Euskal Herria, hain zuzen. Nazkatuta gaude estatuko kartzeletan ematen ari diren etengabeko eskubide urraketekin. Inkomunikazioak, aurrez aurreko bisiten eta ohiko bisiten eteteak, segurasun eza... egoera larria da eta herriaren berotasuna behar dute», azaldu dute Ernaiko kideek.

Ikasle eta gazte orori osteguneko mobilizazioan parte hartzeko deialdia luzatu die Ernaik. «Gazte, azaroaren 12an kalean elkartuko gara!». Horrekin batera, babesa azaldu diete egoera honen protagonistei: presoei eta beren senideei. «Atzera begira jarri nahi dute herri hau. Gazteok zuekin gaude eta ez zaituztegu sekula bakarrik utziko», azaldu dute. «Euskal gazteriaren berotasunak barrote guztiak urtuko ditu. Gazteok bidea gara eta bidean gaude!».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!