Hockeya

Ander Arrarasen Puigcerdák, garaipena

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 00:00

Hernaniarrak Txuri Urdin utzi eta gero kataluniarrekin ari da irailetik, eta Liga irabazi zuen bertara iritsi eta berehala.

Ander Arrarasek bere kirol ibilbide guztia, izotz hockeyan, Txuri Urdinen egin eta gero irailean Puigcerdá taldearekin hasi zuen ibilbide berria. Bertara iritsi eta berehala, martxoan atzeratu zen finala jokatu zuten donostiarren aurka. Finaleko bi partiduetan hartu zuen parte eta irabazi egin zituzten 5-2 eta 4-6. Gainera finaleko bigarren partiduan gol erabakiorra sartu zuen Arrarasek. Beraz, kataluniarrekin Ligako txapeldun izan zen hernaniarra pasa den irailean. Luis Gimenez taldekidearekin batera fitxatu zuen hernaniarra, Puigcerdá taldeak.

Aldaketa, kirol arloan, ezin hobea izan zen; finalera Txurirekin iritsi eta finala Puigcerdarekin irabazi eta gero.

Denboraldi berria hortik gutxira hasi ­­zuten, irailaren 26an, Jacaren aurka eta hernaniarraren talde berriak, amaitu bezala garaipenarekin ekin zion 20/21 denboraldiari, 2-3. Gero beste bi partidu jokatu dituzte. Urriaren 10ean, berriz ere Txuri Urdinen aurka jokatu zuten eta 4-5 irabazi zuten Donostian.

Hirugarren eta orain arteko azken partidua pasa den larunbatean jokatu zuten Majadahondaren kontra eta 6-1 irabazi zuten partidua. Aurten ere Liga irabazteko faboritoak dira kataluniarrak.

 

Belar hockeyan,
Realak berdindu

Belar hockeyan ere badira kirolari hernaniarrak eta asteburu honetan Realeko partaide diren Maider Altuna eta Julene Etxeberriak berdindu egin zuten Atlético Terrasaren aurka. Denboraldiko zazpigarren jardunaldiko partidua zen eta laugarren berdinketa jardunaldi horietan. Beste hirurak galdu egin dituzte eta hamargarren daude sailkapenean. Julene Etxeberriak ez zuen jokatu, baina bai Maider Altunak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!