Aizkolaritza

Suharri 'Paolla' Urrezko Aizkolarien Kopan aritu da

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 00:00

Suharri Paolla onenen artean dabil lehiatzen azkenaldian.

Lehiaketatik kanpo geratu da aizkolari hernaniarra, Maeztuko kanporaketan, asteburu honetan.

Suharri Rodríguez Paollak ezin izan du aurrera egin Urrezko Aizkolarien Kopako bigarren jardunaldian. Lau aizkolari aritu ziren, igandean, Arabako Maeztu herrian: Luis Txapartegi, Julen Olano, Iban Resano eta Suharri Paolla hernaniarra.

Lau aizkolari eta postu bakarra  zegoen jokoan hurrengo fasera sailkatzeko. Suharri Paolla, Iban Resanoren aurka jardun zen lehenengo fasean eta bi kanaerdiko mozten bost segundu azkarragoa izan zen nafarra. Doarrokoak zazpi minutu eta bost segundutan moztu zituen bi enborrak eta bost segundu gehiago behar izan zituen hernaniarrak, nahiz eta lehenengo kanaerdikoa segundu bat aurretik moztu. Fase horretan bertan,  Luis Txapartegik aurre hartu zion Julen Olanori.

Bigarren fasean Paolla, Txapartegiren aurka lehiatu zen bi kanaerdikotara. Aizarnakoak ez zion aukerarik eman aizkolari gazteari, eta 32 segunduko aldearekin eguneko finalera sartu zen eta Paolla txapelketatik kanpo geratu zen.

Resano eta Olanoren artekoa leitzarrak irabazi zuen eta ondoren finalean Julen Olanok lehenengo faseko arantza atera eta Txapartegi gainditu zuen, erraz, lau kanaerdikotako lanean. Honela Olanok lortu zuen hurrengo fasera sailkatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!