«Sorturi eta Ernairi berdin die pandemiak zer eragin izan duen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 00:00

EAJ-PNVk adierazi du Sortu eta Ernai «gezurretan» ari direla: «zarata egiten ari dira».

Andoni Amonarraizek, EAJ-PNVren bozeramaileak, helarazi du COVID-19aren gaiak martxoan indarra hartu zuenean, alderdi politikoak erabaki zuela «ez genuela EH Bilduren lana kritikatuko». Izan ere, diote, «gure herriarekin leialak izatea erabaki genuen, eta gobernu-taldeari laguntza eskaini nahi genion». Halere, Amonarraizen esanetan, pandemia beste modu batera kudeatuko luke EAJ-PNVk: «ziur guk beste gauza batzuk egingo genituzkeela, eta hernaniarren sufrimendua desberdina izango zela, baina egoera oso larria da eta EH Bilduk jakin behar du beraiekin gaudela honetan, behar dutenerako, eta aurrerantzean ere hemen egongo garela».

 

Erantzun zuzena eman die EAJ-PNVk, Sorturi eta Ernairi

Larunbatean Zinkoenean egin zen kontzentrazioaren harira,  alderdi politikoak zuzen erantzun die Sorturi eta Ernairi. «De­mokrazian bizi garenez eta ez dugunez inoren babesa izatea espero, gogorarazi nahi dizuegu EAJk Udal hauteskundeetan indar haundia hartu duela azken 13 urteetan; eta  autonomikoetan, legealdi honetan, aurrekoan baino legebiltzarkide gehiago lortu dituela. Emaitza hori herritar guztiek erabaki dute». 

 

«Sortuk eta Ernaik zarata egin eta gezurra esan nahi dute»

Amonarraizek adierazi du Sorturen eta Ernairen asmoa «zarata» egitea dela, eta horrekin, «gezurra besterik ez dute esan», azaldu dute. «Beren alde azaldu direnek soilik sinesten dute haien diskurtsoa». Izan ere, diote, «hezkuntzan edota osasungintzan ez dira murrizketak izan; hori da beraiek sinestarazi nahi dutena». Horretarako,  Ekonomia eta Ogasun Saileko hainbat datu plazaratu ditu alderdi politikoak. 

«Osasun Sailean gastuaren igoera %7koa izan da: 2019ko irailean gastu bateratua 2.745 milioi eurokoa izan zen, eta 2020ko irailera arte kontabilizatu den gastu bateratua, berriz, 2.940 milioi eurokoa izan da», azaldu du Amonarraizek. Eta Hezkuntza Sailari dagokionean, horren gaineko datuak ere azaldu ditu: «2019garren urteko gastua 2.945 milioi euroko gastua izan zen, eta 2020 urterako aurreikuspena 3.000 milioikoa da».

 

COVID-19rako aurrekontua

Emandako datuez gain, pandemiaren kudeaketarako zer aurrekontu dagoen ere plazaratu nahi izan du Andoni Amonarraizek. «Aurreikusita dagoen kopurua 362 milioi eurokoa da, eta orain arte 146 milioi erabili dira. Horretaz gain, 15,5 milioi euro ere gehitu behar dira, baina datu hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak berretsi behar du», azaldu dute. Kopuru horri gehitu beharko litzaizkioke, EAJk azaldu duenez, «pandemiaren ondorioak arintzeko dauden sailak: segurtasuna, garapen ekonomikoa, enplegua, gizarte-politikak, kultura, hezkuntza, Osakidetza, merkataritza eta turismoa, etxebizitza, eta abar».

Amaitzeko, EAJ-PNVK Sorturi eta Ernairi azaldu nahi izan die egungo egoera ez dela «alderdi politiko batek duen politika motaren emaitza». Alderantziz, diote, «COVID-19a kontrolpean ez dagoelako bizi dugu egoera hau».  Gehitu nahi izan dute, azkenik, «gure herriari min gehien eragin dion kolektiboari erreferentzia egin nahi badiozue, uste dugu beste talde bat seinalatu beharko zenuketela, eta ez, gure Ertzaintzari -zuek diozuen moduan, kasko gorriei-. Iraganeko kea eta erretorika saltzeak ez du laguntzen gure egoera gainditzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!