Dispertsioaren kontra, kale buelta ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 9a, 00:00

Sareko Joseba Azkarraga eta Etxerateko Patricia Vélez, aurreko asteko agerraldian. Argazkia: Sare

Hernaniko Sarek antolatu du, salatzeko «beraien eskubideen murrizketa larria» jasan dutela preso politikoek, pandemian.

Kale buelta antolatu du Hernaniko Sarek, ostegun honetarako, dispertsioaren kontra, horrekin amaitzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela aldarrikatuta. Plazatik abiatuko dute kale buelta, arratsaldeko 19:00etan.

Helburua izango da, salatzea «beraien eskubideen murrizketa larria» jasan dutela preso politikoek, «alerta egoeran eta pan­demiarekin orokorrean», jaki­na­razi dutenez: «astetan ezin izan dute bisitarik jaso, hainbati atzera bota dizkiote bisitak arrazoirik gabe, bederatzi senideri administrazio espedienteak ireki dizkiete presoak bisitatzera joateagatik, higiene baldintza minimoak ez dira betetzen, lehen arreta negargarria da... Eta noski, dispertsioak areagotu egiten ditu arazo hauek guztiak. Presoaren zigorra, bere familiari eta lagunei zabaltzen zaie», adierazi du Hernaniko Sarek.

Hain justu, joan den astean egin zuten agerraldia Sarek eta Etxerat elkarteak, salatzeko euskal presoen senitartekoek eta hurbilekoek izan zituzten «hainbat arazo», aurreko asteburuan, Espainiako espetxeetara bisitak egiteko joan-etorrietan.

«Gero eta haundiagoak dira, presoen urruntzearen ondorio konponezinak»

Sarek eta Etxeratek jakinarazi zuten, Cadiz eta Avilako espetxeetara joan ziren bederatzi senideri ireki zietela administrazio espedientea, perimetroan itxitako lurraldeak zeharkatzeagatik; eta Teruelgo espetxean, bisita galdu zuela senide batek: «inork ez du konfinamendurik hautsi. Senideek bidaia egiteko arrazoi justifikatuak frogatzen zituzten agiriak eraman dituzte, eta ondoren, bisita egin izanaren egiaztagiria ere bai, ia espetxe guztietan emandakoa».

Gogorarazi dute, «187 presotik 170 baino gehiago» daudela EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetan. Hernanin, 15 presotik 14 daude Euskal Herritik kanpo. «Egoera hau bizitzera behartzen dituzte euskal presoen senide eta hurbilekoak; euskal espetxeetan baleude, ez lukete beharrik izango bidaiatzeko eta estatu espainiarreko hainbat lurralde zeharkatzeko», adierazi dute: «Euskal presoak lehenbailehen eraman behar dituzte Euskal Herriko espetxeetara, Zaballara, gero eta haundiagoak baitira presoek eta haien familiek jasaten dituzten ondorio konponezinak, urruntzearekin», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!