Bihar hasiko da Antzerki Zikloa Biterin, ordubete lehenago

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 9a, 00:00

Kepa Errasti eta Iñigo Aranbarri, 'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlanean.

'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlana eskainiko dute, 19:00etan hasita. Ordu berean izango dira asteazken eta osteguneko saioak ere.

Ez du huts egingo Antzerki Zikloak Biterin, COVID-19aren aurrean ere; eta bihartik ostegunera, hiru antzezlan eskainiko dituzte. Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrietara egokitzeko, hori bai, aurreratu egin dute saioen ordutegia, eta ordubete lehenago hasiko dira denak, arratsaldeko 19:00etan.

Fadoak entzuten zituen gizona izango da aurreneko antzezlana, bihar eskainiko dutena, euskeraz. Kamioi batean egindako bidaia izango da eszenatokia: kamioilaria da Mario, eta Lisboara bidean dijoa, lan kontuak tarteko. Bidean, Ander izeneko musikaria jasoko du, Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateurrera dijoana. Kasualitateak kasualitate, umetatik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Bi eguneko bidaian, oso harreman emozional berezia sortuko da bien artean, eta kontu askoren inguruan egingo dute gogoeta. Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain igoko dira taula gainera, Getari Etxegaraik zuzendu eta Txarli Andradek sortutako obra antzeztera.

'Ni, munduko txarrena' eta 'Quitamiedos', hurrengoak

Asteazkenean, berriz, Ni, munduko txarrena antzezlana eskainiko dute euskeraz, Antonio Muñoz de Mesarena, Olga Margallok zuzendutakoa. Ylenia Baglieto, Itxaso Quintana, Nerea Gorriti, Dorleta Urretabizkaia eta Ugaitz Alegria dira aktoreak, eta 1695ra eramango gaituzte atzera, Santa Paula komentura. Izurriteak jo du, eta Sor Juana Inés de Cruz hilzorian dago. Elizari aurre egin izana aurpegiratzen diote gainerakoek, eta konfeso­reak, berriz, Jainkoa baino maiteago izatea gizakiak. Juanak bere buruari galdetzen dio, merezi ote zuen denari eta denei aurre egitea, emakume eta idazle gisa libre izateko.

Eta ostegunean, Quitamiedos eskainiko du­te gaztelaniaz, Iñaki Rikarte­rena, Jesús Barranco eta Luis Mo­reno aktoreek. Antzezlana ko­katzen da, pertsona bat hiltzen denetik gorpua hoztu eta giro-tenperaturara egokitu arte gertatzen den topaketan: hildakoa eta bere aingeru guardaren artekoa. Poetikoa, dibertigarria eta emozio haundikoa da antzezlana, eta jorratzen ditu bizitza, heriotza, maitasuna eta aitatasuna bezalako gaiak.

Hiru emanaldietarako, sarre­rarik geratuz gero, Biterin egongo dira salgai. 7,5 euro dira, hiru emanaldietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!