Literatura

Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketan onena, Legorburu

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 8a, 00:00

Iñigo Legorburu, bere semearekin, irabazlearen diploma esku artean dutela.

'Begiradak' lanarekin nagusitu da Iñigo Legorburu hernaniarra, Mutrikuko lehiaketaren laugarren edizioan.

Iñigo Legorburu hernaniarrarena izan da lanik onena, Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketan. Helduen kategorian nagusitu da Legorburu, Begiradak lanarekin, lehiaketaren laugarren edizioan, Mutrikuko Udalak antolatuta. 100 hitz baino gutxiago izan behar zituzten lan guztiek, eta librea zen gaia. 31 lan aurkeztu zituzten helduen mailan, eta Legorbururena aukeratu zu­en onena, epaimahaiak: 500 euroko diru saria eta diploma jaso zituen hernaniarrak.

«Konfinamenduko egun gogor eta beltzenetan antolatu zen lehiaketa, eta egun haietako tristura, beldurra eta ezinegona nabariak dira nire kontakizunean, nahiz eta esperantzari ere ate bat irekitzen zaion», azaldu du Legorburuk. Gai sozial bat aukeratu nahi zuen hernaniarrak, «gure kontraesanak azalduko zituena»; eta ez zuen kasualitatez aukeratu migranteena: «konfinamenduan lana, familia eta aterpe bat genuenok, gure balizko zoritxarra madarikatzen genuen bitartean, jende ikustezina izaten jarraitzen zuten migranteek. Eta euren egoera, askoz ere okerragoa zen eta da, inongo ziurtasunik gabekoa».

Mikroipuinak «oso mo­dan» daudela uste du hernaniarrak, «gaurko presazko gizarte honekin bat egiten dutelako moldeetan; erraz irakurri eta, askotan, kolpe eder bat izaten dutelako bukaeran, irakurleak atseginez hartzen duena». Edonola ere, mikrokontakizun on bat idaztearen zailtasunak azpimarratu ditu: «hasteko, ideia original bat behar duzu, eta ondoren, hitz gutxitan sinesgarria den istorio bat harikatu behar da. Espresioak ere, motzak eta zehatzak izan behar dira, eta irakurlea, hitz gutxitan, sortzen duzun atmosferan sartu behar duzu. Hitzen destilazioa praktikatzen dugu mikroipuinaren generoa jorratzen dugunok, tantaz tanta istorioaren jarioa eten ez dadin».

 

BEGIRADAK

Itxi begiak, sentituz ikusteko esan diozu gerritik heldu eta itsumustuan, logelara zuzentzen duzun bitartean. Langile arretatsuak, begi-klis­ka luzatu dizu, zure bikotearen irribarrea ikusita. Berriki ezkonduak, bere bizitzako bidaia agindu zenion eta kunplitu duzu. Inoiz ezagutu gabeko erosotasunez atondutako logela agindu zenionez, bete duzu. Eta hainbeste urtez hainbeste jende zerbitzatu ostean, zerbitzatuak zuek izango zinetenaren promesa ere, zure egin duzu.

Soa ilusioz zipriztindu zaio zuk voilá esan eta bion ohea izango dena erakustean. Bihar beste begirada bat izango du agian, bion azal beltzaranaren kolorekoa.

Irungo mugako harrera-sarekoak soilik bihar arte geratu zintezkete xuxurlatu dizu motxila hartzen dizuelarik.

Bihar, ikusiko dugu.

IKUSLE

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!