Bilera deitu du Udalak bihar goizerako, Hernaniko ostalariekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 8a, 00:00

Biterin izango da, 10:00etan, «hausnarketa bateratua egiteko, egungo egoeraren eta sektorea bultzatzeko aukeren inguruan».

Eusko Jaurlaritza emandako azkeneko aginduari jarraituz, ate­ak itxi behar izan zituzten atzo, Hernani eta Astigarragako jatetxe eta tabernek ere. Etxera eramateko janaria prestatzea bakarrik dute aukeran; eta batzuk, dagoeneko ari dira horretan.

Edonola ere, egoera berriaren aurrean, bilera batera deitu ditu Hernaniko Udalak, herriko ostalari guztiak. Bihar goizean izango da, 10:00etatik 12:00etara, Biteri kultur etxean. Bertan izango dira Xabier Lertxundi alkatea eta Merkataritza Saileko zinegotzi eta teknikariak. Helburua da, «hausnarketa bateratua egitea, egungo egoeraren eta sektorea bultzatzeko dauden aukeren inguruan», Udalak aurreratu duenez.

COVID-19ari aurre egiteko neurri gisa, jatetxe eta tabernak ixtea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, atzotik hasita; eta 21:00ak arte daukate baimenduta, etxera era­mateko otorduak prestatzea. Nafarroan, urriaren 22tik daude egoera horretan, ostalariak; baina joan den ostegunetik, 22:30ak arte prestatu di­tzakete, etxera eramatekoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!