Errugbia

Garaipen erosoarekin eta bost puntu eskuratuta, primeran hasi dute liga trikoloreek Iruñean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 8a, 00:00

Argazkia: Iñigo Arizkorreta

7-43 nagusitu zen Hernani, La Unicaren kontra, Ohorezko B Mailako estreinako partiduan. Erasoko bonusa ere lortu zuen, zazpi entsaio eginda, horietako bost aurreneko 20 minutuetan.

Nahi bezain ondo ekin zion ligari atzo Hernanik, La Unicaren zelaian: garaipen erosoa lortu, eta bost puntu ekarri zituzten trikoloreek (7-43). Hasieratik izan zen nagusi, eta hasi eta berehala utzi zuen partidua ia erabakita: au­rreneko 20 minutuetan, bost en­tsaio lortu zituzten hernaniarrek, erasoko bonusa ziurtatuz.

Ohorezko B Mailari gainerako taldeek baino bi aste beranduago ekin arren, bere maila agerian utzi zuen Hernanik, ia saketik bertatik. Baloia berehala berreskuratu, La Unicaren falta bati esker bandako sakea lortu, eta maul batekin egin zuen aurreneko entsaioa Xabier Garmendiak, aurreneko minutuan. Ez zen kasualitatea izan. Hortik aurrera, baloia azkar mugitu eta erraztasunez egin zuen aurrera Hernanik, La Unicaren akatsak eragin eta aprobetxatuz; eta bigarren entsaioa lortu zuen berehala, 7garren minutuan, Kepa Mijangosek; baita Anartz Elosegik transformatu ere (0-12).

Bost minutu gehiago behar izan zituen Pello Perezek, nafarren ostiko bat blokeatu, baloia lapurtu eta hirugarrena lortzeko, Elosegik transformatu zuena. Eta 20garren minutua iristerako, bi entsaio gehiago egin zituen Elosegik berak, biak ere jokaldi azkarretan; bietatik bat transformatu zuen (0-31).

Hortik aurrera, zailtasun ge­hiago jarri zizkion La Unicak, eta berdindu egin zen partidua. Beste entsaiorik gabe, eta sekulako euri zaparradare­kin, bukatu zuten aurreneko zatia.

Aldaketa ugari Polidorik, bigarren zatian

Hernaniri aurre egiteko asmoz zelairatu ziren nafarrak, bigarren zatian, eta gehiago eu­tsi zioten defentsan. Edonola ere, La Unicaren zelaian mantendu zuen partidua Hernanik, ez baitzion jokatzen utzi kontrarioari, defentsa gogorrarekin eta presio haundia eginez. Zelai erditik aurrera egin ezinik aritu ziren nafarrak, eta aldiz, baloia azkar mugituta, jokaldi politak egin zituen Hernanik berriro, baita entsaio pare bat lortu ere, Mikel Perez eta Abeciaren eskutik; azkeneko hori transformatu zuen Franco Di Filippok. Aldaketa ugari egin eta jokalari gehiagori aukera emateko aprobetxatu zuen Patrick Polidorik, bigarren zatia.

Hernani defentsan ahulago aritu zen jokaldi batean lortu zuen bere entsaio bakarra La Unicak, partiduaren bukaera aldera; baina azkeneko minutuan, zortzigarren entsaioarekin jarri zion partiduari errematea Mikel Bidegarayk, eta transformazioarekin borobildu Di Filippok (7-50). Bost punturekin eta konfiantzaz gainezka bueltatu ziren trikoloreak, Hernanira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!