«Orain inoiz baino gehiago, beharrezkoa da herriko ekoizleei salmenta zuzenerako bidea ematea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 8a, 00:00

Herritarrak barazki postu batean, iazko Feri Egunean. Argazkia: Felix Loiarte

Mendialdeko Azoka antolatu dute Goizuetan gaur, goizeko 10:30etatik 14:00etara, eskualdeko ekoizleen postuekin. Norabide bakarreko zirkuitua prestatu dute, segurtasun neurriak mantendu ahal izateko.

Ohiko Feri Egunik ez, baina azoka berezi bat bai, izanen da Goizuetan, aurtengo azaroan ere. Mendialdeko Azoka eginen dute gaur goizean, 10:30etan hasi eta 14:00ak arte, eskualdeko nekazari eta artisauen postuekin. Oso anitza izanen da eskaintza: barazkiak, zeramika, eztia, gazta, bertako garagardoa, bitxiak, joareak, ukenduak...

Azokaren helburua da, «bertako ekoizeleen salmenta sustatzea, egoera zail honetan». Goi­zuetako Udalak, herriko eragileek, Cederna Garalurrek eta Pla­zaolak antolatu dute, elkarlanean; eta gonbitea luzatu diete herritar guztiei, bertaratzeko: «orain inoiz baino gehiago, beha­rrezkoa da bertan bertakoa kontsumitu, eta herriko ekoizleei salmenta zuzenerako bidea ematea», adierazi dute.

Zentzu horretan, antolakuntza taldearen lana nabarmendu nahi izan du Udalak: «ahalegin berezia egiten ari dira, segurtasun neurri guztiak betetzeko».

Izan ere, modu berezian prestatu dute azokaren eremua, COVID-19aren aurrean segurta­suna mantentzeko. Horretarako, zir­kuitu bat prestatu dute, no­rabide bakarrekoa izanen de­na, eta eremuko aforoa ere kontrolatu eginen dute. Era berean, gel hidroalkoholikoa ere paratuko dute sarreran, musukoa derrigorrezkoa izanen da, eta distantzia tarteak gorde beharko dira, jakinarazi dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!