«Oso eskertuta nago, 60 urtetan Hernaniko Musika Bandak eman didanagatik»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

Severino gaur egun, Hernaniko Musika Bandako ensaioaren aurretik.

60 urteko ibilbide luze baten ostean, agur esateko garai heldu zaio Severino Vázquezi. 1960tik, Hernaniko Musika Bandako parte izan da Severino, eta azaldu du, «oso eskertuta dagoela, 60 urtetan jasotako guztiarekin». 

60 urteko ibilbidea egin du Severino Vázquezek Hernaniko Musika Bandan, eta «familia» izan den banda hau agurtzeko garaia etorri zaiola azaldu du. 


Hori horrela, bizi dugun pandemia egoerak «hobera egiten duenean» kontzertu bat eskaintzeko asmoa du Severinok, solista gisa. Eskainiko duen kontzertu honetan, hainbat abesti joko ditu, «1953an 9 urterekin Pontevedran nire lehen kontzertua eman nuen, eta bertan eskainitako kantak ekarriko ditut Hernanira». Honakoak izango dira; Amparito Roca, pasodoble; Katiuska, frantasía de la Zarzuela de P. Sorozabal; L'arlesienne de Bizet; La gran vía chueca eta Si hey bis, Amparito Roca. 

 

Severino Vázquez Iglesiasen erroak 
1943garren urtean jaio zen Severino, apirilaren 7an, Villa de Cruces herrian, Pontevedran.Txikitatik izan du «musikarekiko maitasuna» eta bere ibilbideak hori erakusten du. Bost urteko haur bat zela, solfeoa ikasten hasi zen, Villa de Cruceseko bandako zuzendariarekin, eta 6 urte bete zituenean, flautina ikasteari ekin zion, «gero flauta jo nahi nuelako». 
1953ko maiatzean, Villa de Cruceseko bandak, kontzertu batean aurkeztu zuen Severino, eta hor izan zen bere lehen emanaldia, 9 urte eskasekin. Honako abestiak interpretatu zituen: Amparito Roca, pasodoble; Katiuska, frantasía de la Zarzuela de P. Sorozabal; L'arlesienne de Bizet; La gran vía chueca.

«Ni, irakasteko inor gabe gelditu nintzen, irakaslerik gabe ez nekien nola ikasi. Eta bi urte egon nintzen, ni bakarrik nire kabuz flautarik gabe, flautinarekin ikasten».

1955garren urte amaieran, banda zuzendari gabe gelditu zen, eta «ni, irakasteko inor gabe gelditu nintzen, irakaslerik gabe ez nekien nola ikasi». Egoera zaila izan arren, Severinok, bere kabuz ikasten jardun zuen, «2 urte egon nintzen ikasten, ni bakarrik, flautarik gabe, flautinarekin bakarrik». 

1965garren urtean Severino flauta jotzen. 
 

Hortik, bi urtera, aukera paregabea etorri zitzaion Severinori, izan ere, 1957an bere anaiak Donostiara joateko asmoa zuela aipatu zion, «hor nik 14 urte neuzkan eta ez nuen duda bat ere eduki, anaiarekin joan nintzen, Donostiara».

58ko irailean, Donostiara etorrri zen Severino, anaiarekin batera, eta bertako pentsio batean gelditu ziren lotan. Bitartean, anaiak, Frantziara joateko pasaportea egin zuen, baina Severinok, argi eta garbi zuen Donostian gelditu nahi zuela, «nik egin nituen musika munduko kontaktuak, hala nola, Hernaniko Musika Bandako Pedro Majón klarinete jolearena, eta A. Garcia bombardino jolearena, besteak beste».
Hauek, Hernaniko Musika Bandan jotzeko eskaera egin zioten Severinori, 14 urterekin, baina Severinok kontserbatoriora joan nahi zuen. Kontserbatorioan, hainbat baldintza ezarri zizkioten, «esan zidaten bertako ikasle ofiziala izateko lehenengo mailako solfeoan matrikulatu behar nuela, eta azterketa egin». 

Severinok, argi zeukan musika odolean zuela, eta buru belarri jarri zen horretan. «Zerbait nahi baduzu lortu, esfortzuak egin beharko dituzu, eta nik hala egin nuen», izan ere, solfeoa aprobatu zuen «oso nota ona ateraz, hurrengo kurtsoetan ere nota onak atera nituen». Flauta ikasten, ohorezko matrikula ere lortu zuen Severinok. 

Flautarekin hasi zen eta flautarekin amaitu nahi du bere musika ibilbidea, Severinok.


1960garren urtean, Hernaniko Musika Bandan sartzeko apustua egin zuen, «kontzertuetan bakarrik parte hartzeko baldintzarekin». Baina hurrengo urtean, hau da, 1961ean, Severino «guztiz»sartu zen Hernaniko Musika Bandara.

«Oso gustura egon naiz zuzendari postuan, Hernani maite dudalako eta Hernaniko kultura zinegotziek beti erakutsi izan dutelako prestutasuna Musika Bandarekiko»

«Bizitza gogorra zen, garai batzuetan»
Severinok, garai «zailak» igaro behar izan zituen, «momentu onak eta txarrak bizi izan ditut, adingabea nintzen eta azkenean oso lan prekarioak egin ditut. Ikasteko denbora ere behar nuen, eta gauetan, Amarako Peñaflorida Institutura joaten nintzen kultura orokorra ikastera». Bertako irakasleak asko animatzen zuela aipatu du Severinok, «nik ilusio haundia nuen, musika maite nuen, eta aurrera egiten saiatzen nintzen aurrean jarritako zailtasunei irtenbideak ematen. Gainera, irakasleak, udan ere klaseak ematen zizkidan, kurtsoan zehar lortutako kultura maila hori ez galtzeko. 

1962 eta 1963 artean, flautako Aspiazu irakasleak Severinori proposamen bat bota ziola azaldu du, «Aspiazuk, Loiolako kuartel militarreko musika sarjentu bati, klase partikularrak ematen zizkion, eta honek, harreman estua zuen kuarteleko zuzendariarekin. Nitaz jardun zuten hizketan, 17 urte nituela eta lana egiteaz gain ikasi eta Hernaniko Musika Bandan jotzen nuela aipatuz». 
1963ko udan, musikako sarjentuak, D. Juan Garcia de la Fuente komandantea aurkeztu zion Severinori, «lagundu egin nahi zidala esan zidan, eta jakin nahi zuen, ea zer moduz nenbilen kultura orokorrean, flautan eta solfeoan». Severinok, bere egoera azaldu zuen, hau da, flauta eta solfeoko 2 maila amaitu zituela jakinarazi zion, eta «gauetan kultura orokorrari buruzko klaseak jasotzen nituela ere azaldu nion». 
Hori horrela, sekzio militarreko musikan sartzea lortu zuen Severinok. Bertan, hiru urte egon ostean, bertako zuzendariak, konserbatoriorako «pase bat lortu zidan» azaldu du. Horrez gain, graduazioarekin laguntzeko  klase partikularrak lortu zizkion kuartelean bertan, eta 66an, «batxilerrean matrikulatzea lortu nuen». 

«Oso eskertuta» dagoela adierazi du Severinok, 60 urte luzeetan Hernaniko Musika Bandak emandako «maitasunagatik». 


Hortik, salto «haundi bat» eman zuen Severinok, izan ere, 1986garren urtean, Donostiako Musika Bandara sartu zen, «beti Hernaniko Musika Bandan nire postua mantenduz». Ikasketak amaituta zituen, hala ere, «ez zidaten flauta irakasteko goi mailako ziurtagiria eman. Eskatu egin nuen, eta 1989ra arte, ez zidaten eman». Nahiz eta Severinok ziurtagiririk ez eduki, 1984an irakasle gisa hasi zen, Azkoitiako Bizkargi musika eskolan, eta bertan 2003ra arte egon zen, «ikasle batek lekukoa hartu zidan arte».  Data hauen inguruan, Severinok Donostiako Musika Banda «munizipala» izatea nahi zuen. Hori horrela, bandako zuzendaritzak, banda «munipalizatzeko proiektua» aurkeztu zuen, Ciudad de Bilbao taldearen aholkularitzarekin batera, «hauek munizipalizatzea lortu baitzuten». Donostiako Musika Bandari buruzko proiektu hau, atzera bota zuten, «banda munizipala izateko ametsa itzali egin zitzaigun,  eta noski proiektua atzera botatze honek, bandaren amaiera ekarriko zuen». Hori horrela, 1986ko azaroan, Santa Zezilian, azken kontzertua eskaini zuen, Donostiako Musika Bandak.

«Hau guztia ondo eramaten nuen, denbora ondo gestionatzen nuen. Izan ere, klaseak ematen nituen eta horrez gain, Hernaniko Musika Bandan jotzen nuen»


«Irakaskuntzan zentratzeko garaia heldu zen»
Etapa horrek, eragina izan zuen Severinorengan, eta ohartu zen irakaskuntzan zentratzeko momentua iritsi zitzaiola. Donostiako CEMen hasi zen, (Centro de Estudios Musicales), eta kurtso bat eman zuen, Eskola Alemanean. «Hau guztia ondo eramaten nuen, ondo kudeatzen nuen denbora. Klaseak ematen nituen, eta horrez gain, Hernaniko Musika Bandan jotzeko denbora ere hartzen nuen». 
Garai hauetan gainera, lehendakari izendatu zuten Severino,  «eta honela nahi izan zuten 11 urtetan. Gainera oso gustura egon naiz postu honetan, Hernani maitea dudalako eta Hernaniko kultura zinegotziek beti erakutsi izan dutelako prestutasuna Musika Bandarekiko». 

Egungo egoera, musikan 
Severinok dio, bizi dugun pandemiak asko mugatu duela kultura, eta honek dakarren guztia. Gaineratu du, «orokorrean udalek ez dutela interesik, Hernanikoak bai, eta beti diot, Hernaniko Udala aspalditik inplikatu dela. Baina orokorrean, badirudi ez dagoela interesik eta musika arloa kaltetua dago garai honetan». 

«Instrumentuetatik, flauta dut maiteena»
Severinok, txikitatik izan du argi zein izango zen bere bidea, musika arloan jardun behar zuela sinesten zuen, eta borrokatuz , hau lortzera heldu zen.


Severinok, flauta maite du, hau da bere instrumentu gogokoena. Horregatik, esan moduan, «agurtzeko» kontzertua eskaini nahi du Hernanin, «egoerak uz­ten didanean», flautarekin hasitako ibilbidea, flautarekin amaituz, «hasi nintzen moduan amaitu nahiko nuke, 9 urterekin eskainitako kontzertuan jotako abestiak, laister Hernanin joko ditut, eta honela agurtuko naiz».
 Esan bezala, Hernaniko Musika Bandan, 60 urte egin ditu Severinok, eta argi azaldu du «oso gustura» egon dela urte luze hauetan, eta Bandarengatik egindako guztiak askorako balio izan diola.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!