Zine saioak izango dira gaur eta bihar, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

Haurren eta helduen saioak 16:00etara eta 19:00etara aurreratu egin dira, indarrean sartu berri den dekretuaren ondorioz. 

COVID-19aren ondorioz Eusko Jaurlaritzak bihartik aurrera abian jarriko dituen neurri berriek Biteri kultur etxeko emanaldietan ere izango dute eragina. Beraz, ordutegietan zenbait aldaketa izango dira agindua indarrean den bitartean. Hori horrela, asteburuko zinea saioak ere ordu erdi aurreratu dira. Hortaz, haurren emanaldia 16:00etan hasiko da eta helduena 19:00etan. Asteburuan, haurrentzat Bihurri filma eskainiko da; helduek, aldiz, Akelarre ikusteko aukera izango dute. Bi saioak larunbat eta igandean eskainiko dira.

Biteriko ordutegietan ere, aldaketak izan dira
Gaur indarrean sartu berri den dekretuko neurrietako batek dio kultur ikuskizun edo emanaldi oro 21:00ak baino lehenago amaitu behar dela. Beraz, datorren asteko Antzerki Zikloko emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira: azaroaren 10ean Fadoak entzuten zituen gizona, azaroaren 11n Ni, munduko txarrena eta azaroaren 12an Quitamiedos antzezlanak, hain zuzen ere. Bestalde, sarrera erosi, baina ordutegi berriaren ondorioz bertaratzerik ez duten pertsonei dirua itzuliko zaie. Horretarako, Biterira hurbildu beharko dira sarrerak erosteko erabilitako txartelarekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!