Kontzentrazioa egingo du gaur, GKSk

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

Arratsaldeko 18:30etan bilduko dira Plaza Berrin, beste arrazoien artean, «eskubide zibilak eta politikoak defendatzeko».

Gazte Koordinadora Sozialistak kontzentrazioa egingo du gaur    Plaza Berrin, arratsaldeko 18:30etan. «Ezarri nahi diguten erregimen sozial totalitarioaren aurka» mobilizazioa egin zuten joan den larunbatean, eta gaur ere kontzentrazioa egingo dute. Nabarmendu dute agintean dauden agintarien aurka mobilizatuko direla, eta baita horieki«babesa» ematen dieten alderdi politikoen aurka ere. Jakitera eman dutenez, exijitzen dietena hauxe da: «bere­hala gelditu ditzatela osasunaren eta askatasun kolektiboen kalterako hartzen ari diren neurriak».

Bizi dugun osasun larrialdiaren gaineko ardura «oligarkiarena» dela salatu du GKSk. «Burguesia haundiak eta bere kontrolpeko instituzioak» errudun direla esan dute. Izan ere, diote «borondate falta» izan dutela jakintza eta teknologia baliabideak eskaintzeko eta jendartearen osasuna bermatzeko. Horregatik, talde horiek eskubide zibilak eta politikoak «murriztu» dituztela adierazi dute, «oligarkiarentzat estrategikoak diren esparruen aktibitatea ez dutelako alde batera utzi nahi izan».

Guztiagatik, gaur kontzentrazioa izango da Plaza Berrin. Esan bezala, aurreko larunbatean ere bertan bildu ziren, eta mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!