Hernaniko gaztelekuak alokairu zerbitzu berria jarri du martxan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

Hilabetean bi igandetan egongo da lokala alokatzeko aukera, baina gazteak ez dira bakarrik egongo: «bi hezitzaile egongo gara beraiekin».

Azaroaren erdialdean, Hernaniko gaztelekuak, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako alokairu zerbitzua jarriko du martxan. Gaztelekua espazio «eroso, hezitzaile eta segurua da», adierazi dute bertakoek. Izan ere, orain arte eskatutako segurtasun eta prebentzio neurri guztiak bermatzen dituzte bertan. 
Zerbitzu berri honen funtsa zein den azaldu dute gaztelekuko hezitzaileek: «Helburu bera duten gazteek elkartzeko leku bat izatea eta modu intimoan egin ahal izatea lortu nahi da. Alokairu zerbitzua, gaztelekutik eta beste gazte batzuen laguntzarekin guztiona izateko eta dugun egoera zailari aurre egiteko proposatu nahi dugu». 

Nola alokatu daiteke lokala?
Gaztelekua hilabetean bi aldiz alokatzeko aukera egongo da, bi igandetan. Arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara  bitartean, gazteek nahi dituzten jarduerak egin ahal izango dituzte, alokatzeko eskaera egiten badute. «Film bat ikusi, beraien artean bildu edo jolasen batean jolasteko aukera izango dute», azaldu dute hezitzaileek.  


Gaztelekua alokatu ahal izateko, gutxienez 7 gazte eta gehienez 13 gazte apuntatu behar dira, eta bezpera izango da apuntatzeko azken eguna: larunbata. Eskainitako zerbitzu berri honetan gazteak ez dira bakarrik egongo. «Uneoro Gaztelekuko bi hezitzaile egongo gara (Esther, Xabi, Ixone edo Nerea) beraien beharrak asetu, bidelagun izan eta espazioa kudeatzen», helarazi dute gaztelekuko kideek.


Horretaz gain, gaztelekua alokatzeko bidea azaldu dute hezitzaileek. Eskaera egin daiteke gaztelekuan bertan, edo mezu bat bidalita gaztelekua@gmail.com posta elektronikora, Instagramera  @hgaztelekua, edo WhatsAppera (688 823 420). Mezuan idatzi beharreko datuak hauexek dira: alokatu nahi den eguna, parte-hartzaileen izen-abizenak, telefono-zenbakiak, zer jarduera egingo duten.   Datu horiez gain, «zerbait behar baduzue, zer material beharko duzuen edo aurreikusten duzuen erabiliko duzuela ere bidali behar diguzue», azaldu dute arduradunek. 

Datorren igandean jarriko da martxan alokairu zerbitzua
Esan bezala, hilabetean bi astero egongo da aukera gaztelekua alokatzeko. Hilabete honetan, azaroan, datorren astean jarriko dute martxan zerbitzua: azaroaren 15ean, 16:30etatik 20:30etara bitartean eta azaroaren 29an, 16:30etatik 20:30etara bitartean.Bi kasuetan eskaera egiteko azken eguna aurreko larunbata da: azaroaren 14a eta 28a.  


Hilabete honetarako ere, azarorako, hainbat zerbitzu prestatu ditu gaztelekuak, eta izena emateko aukera dago honezkero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!