Hernanik gaur hasiko du denboraldi berria Ohorezko B mailan Iruñean La Únicaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

Lehenengo garaipena lortu nahi du gaur Hernanik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian jokatu dute, 16:00etatik aurrera, talde igo berriaren aurka eta YouTube bidez ikusi daiteke. Pasa den astean jokatu behar zen partidua, baina COVIDaren eraginez atzeratu zen.

Hernaniko Errugbi taldeak denboraldia estreinatuko du gaur, 16:00etan Iruñean. Pasa den astean jokatzekoa zen partidua, hernaniarrak itxialdian zeudelako, eta aste honetan behin amaitu eta gero jokatzeko prest da taldea. Aurkaria Iruñeako La Única igo berria da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian jokatzen du.
Ohorezko Mailan zortzi urte eta denboraldi pasa eta gero berriz itzuliko da Hernani Ohorezko B mailara. Maila horretan jokatzen duen lehenengo partidua izango da 2012tik. Lehendabiziko lana beraz, sentsazioak errekuperatzea izango da. Orain egun batzuk Beñat Iradik aipatzen zuen «Bigarren mailako partiduak desberdinak izaten dira. Erritmoa mantsoagoa da eta jokoa itxiagoa. Gainera talde askotan argentinar jokalari ugari dago eta badakigu oso lehiakorrak direla eta ez bazara prestatuta egoten gaizki aterako zara lehiatik. Prestauak egon behar dugu eta ezin gara fidatu».

Igoera fasea jokatzeko lehian egon nahi da
Hala ere, Hernani faboritoa da gaurko partiduan eta baita denboraldiko partidu ia guztietan. Hernaniren helburua igotzea da eta lehia horretan bere taldean Gernika izango da kontutan hartzeko talde nagusia. Hernani Ohorezko B mailako A multzoan dago eta bertan ariko diren beste taldeak ondorengoak dira: Gernika, Zarautz, Bera Bera, Eibar, Ferrol, Universidad de Bilbao, La Única, Uribealdea, Belenos, Gaztedi eta Ourense. Hernanirekin batera bederatzi dira euskal taldeak, bi galiziarrak eta asturiar bat.

Bera Bera, Belenos eta Gernika aurkari nagusiak
Dagoeneko bi jardunaldi jokatu dira eta ikusi da zein talde diren sendoenak. Bera Bera, Gernika eta Belenosek bi partiduak erraz irabazi dituzte. Ferrolek jokatu duen bakarra irabazi du, baina igo berria da. Hasiera batean lehenengo hiru postu horietan dauden hiru taldeak izango dira aurkari nagusiak. Hernanik gaur irabazi egin beharko luke ondo bidean. Ohorezko B Maila, Ferrol, Ourense eta Belenos kenduta, maila haundiagoko Euskal Liga bat da, baina jokatu egin behar da, eta fitxaketak dituzten taldeak ere badaude. Ez da fidatu behar.
Joxe Elosegi presidente berria
Joxe Elosegi da Hernaniko presidente berria, Juan Rodriguez ordezkatuz eta orain astebete emandako elkarrizketa batean zioen helburua igotzea dela. «Kategoria berri honetan ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara, betiere helburu berberekin: harrobia ateratzea eta ahalik eta hobekien jokatzea».
Helburua igoera lortzea dela dio. Horretarako Ohorezko A mailan arituko bagina bezala jokatzen jarraitu beharko dela dio, ezingo da lasaitu. «Baina lortzen ez badugu, ez da porrota izango. Ez gara hutsetik hasi, atzerapausoa eman dugu, baina lanean jarraitzen dugu. Daukagun abantaila da beste talde batzuei jaisten direnean soldatapeko jokalari asko joaten zaizkiela. Guk ez dugu arazo hori, eta ez dugu bajarik izan, jokalari batzuk izan ezik, COVID delakoagatik, norbera autonomoa delako eta kutsatzeak beldurra ematen diolako, eta abar. Blokea bera da. Izan ere, aurreko denboraldian baino hobeto hasi ginen, 12 baja izan genituenean».
Denboraldiari aurre egiteko diru gutxiago izango du aurten Hernanik. «Izan ere, Kirolgiren laguntza galdu dugu, kolpe ekonomikoa baita. Garagardo Azoka ere ezin izan da antolatu, mundu guztia dago krisian eurotan, baina saiatuko gara urtea aurrera ateratzen».
Partidua zuzenan ikusi daiteke La únicak duen YouTube kanalean. Esteka bilatu daiteke Hernairen webgunean edo twitter sarean.

Beste taldeak geldirik neurri berriekin
Azken orduan Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurriak talde nagusiari ez dio eragiten lehiaketari dagokionez, baina bai entrenatzeko eran. Hala ere kaltetuenak beheko mailetako taldeak dira. Ezin da lehiatu, txapelketa guztiak etenda daude eta ez dira oraindik hasi. Entrenatzeko ere arazoak dituzte eta oraingoz bertan behera geratu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!