Behar sozialei aurre egiteko aurrekontua indartu nahi da 2021ean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 6a, 00:00

Isa Sanchez eta Xabier Lertxundi aurrekontuen proposamena aurkezten.

Zerbitzu sozialetan ez da murrizketarik egingo eta 1,8 milioiko jaitsiera dago 2020erakin alderatuta.

Udal Gobernuak 2021eko aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen atzo publikoki, eta beste Udal taldeei ere aurkeztu zitzaien, ikusi eta beraien proposamenak egiteko. 2021eko aurrekontua 27.791.000 eurokoa izango da eta 2020koarekin alderatuta %5,95 jaitsiko da, 1.758.159 euro gutxiago, hain zuzen. 
Aurrekontuak hiru zatitan banatzen dira;  Udala, zerbitzu sozialak eta Ereñotzu. Zerbitzu sozialetara bideratuko den dirua berdin mantenduko da eta ez da murrizketarik egingo. Udaleko aurrekontuak %6,47ko jaitsiera izango du, -1.716.160 euro, eta Ereñotzurentzako bideratuko den aurrekontua 350.900 eurokoa izango da, 41.907 euro gutxiago pasa den urtearekin alderatuz. Xabier Lertxundi alkateak  aurkeztu zuen Isa Sánchez Ogasun zinegotziarekin batera. 
1,8 milioiko jaitsieraren arrazoi nagusia Foru Aldundiak udalerriei bideratutako diru kopuruaren mu­­rriz­­keta da. 2021an Hernaniko Udalak 1.013.000 euro gutxiago ja­so­tzea aurreikusten da. Bestetik, ta­se­tan, oro har COVID-19 krisi sanitarioaren eragina nabarmena izango da hainbat zerbitzuren jardunean. 2020an izandako esperientzia eta bilketa kontuan izanda, 800.000 euro gutxiago jasotzea aurreikusten da. Adibide bezala alkateak eta ogasun zinegotziak nabarmendu zuten aurten kanpoko igerilekuan diru sarrerak 200.000 euroko jaitsiera izan dutela eta datorren urterako berdin espero da, egoera ikusita.
Proiektu haundiak atzeratu eta ohiko zerbitzu publikoak bermatu nahi dira
Alkatearen hitzetan «diru sarrera gutxiago izango dugula kontuan hartuta, azpiegitura eta proiektu haundiak atzeratu eta ohiko zerbitzu publikoak bermatzearen aldeko apustua egin dugu».
Honela, zerbitzu sozialetan mu­rriz­ketarik ez da izango. «Behar izanez gero, krisialdian haun­ditzen ari diren behar sozialei aurre egiteko aurrekontua indartuko da».
«Herriko eragile eta mugimenduei ematen dizkiegun diru-laguntzak eta diru ekarpenak ez ditugu jaitsiko». Beraz mantentzen dira ondorengo laguntzak: auzolana, haurren, gazteen eta adinekoen aisialdia, kirola, kultura, kulturartekotasuna, berdintasuna, euskera...     
Tokiko garapenean Iturolan ekintzaile eta ekonomia sozialerako apustua mantenduko da eta merkataritza eta ostalaritza suspertzeko laguntzan 370.000 euroko partida bideratuko da. Kultura asko sufritzen ari den sektorearen aldeko apustua berresten da. Oinarrizko zerbitzuek; «kultur eskaintza, euskaltegia, ikastaroak eta azpiegiturak kiroldegian... ez dute asko igarriko jaitsierak». 

Aurrekontuaren banaketa
2021eko sarrerak 27.791.000 eurotan aurreikusten dira. Herri aktiborako %25 bideratuko da (jarduera fisiko eta kirola, hezkuntza, kultura, euskara zerbitzua eta herritarren partehartzea); herri jasangarrirako %47 bideratuko da (komunitatearen­tzako zerbitzuak, etxebizitza eta hirigintza, segurtasuna eta mugikortasuna, tokiko garapena eta enplegu sustapena, eta ingurumena); eta herri solidariorako %13,5 (zerbitzu soziala, berdintasuna, lankidetza, gazteria, etxebizitza bermatzeko dirulaguntzak helduak eta inmigrazioa). 
Isa Sánchezek nabarmendu zuen zor publikorik ez duela Udalak eta horrek zorpetzeko ahalmena emango dio Udalari. 

Inbertsioak minimora 
Proposamenean inbertsioetan jaistea proposatzen da. 1,682.336 euro izatetik, 2020an, 125 mila euro izatera pasa nahi da, 1,557.336 jaitsiera. Inbertsio minimo-minimoak mantenduko dira; landa bideak, ur-hornidura eta saneamendu hobekuntzak, kale altzariak, udal eraikinetan inbertsioak, informazio-prozesuetarako ekipo indormatikoak.
Hori bai, aurrera eramango diren inbertsioak izango dira beste urte batzuetatik datozenak (Urbieta kalearen peatonalizazioa, Sandiusterri: dantza eta musika aretoa, Zubiondo poligonotik Landare poligonorako errepidea, Portu-Karabel oinezko lotura, Ave María sormen guneko proiektua, Apeaderoaren jaitsiera txukuntzeko lanak, Zubipe-Landare aparkalekua, Biteri: lehioak, argiztapena energetikoki eraginkorragoa izateko lanak eta klimatizazio sistema aldatzea, Iturmendiko etxebizitza dotazionalak, energia aurrezteko ekintzak, Lizeaga-Magdalena urbanizazioa eta baita Elizatxo 60-66 urbanizazio proiektua eta Osinagako zubiaren proiektua).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!