PSE-EE

«Pozik gaude, COVID-19aren kontra proposatu genituen ekimen batzuk martxan jarriko direlako»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 00:00

Bere proposamenak «anbizio haundiagokoak» zirela nabarmendu du Hernaniko PSE-EEk, baina batzuk martxan jartzearekin pozik agertu da.

Hainbat neurri proposatu zizkion Hernaniko PSE-EEk Udal Gobernu Taldeari, irailean, COVID-19aren kutsatzeak mozteko. Eta orain, «pozik» agertu da alderdi sozialista, proposamen horietako batzuk onartu eta martxan jarriko dituelako Udalak, «nahiz eta gure proposamenak anbizio haundiagokoak izan, eta batzuk berandu iritsi».


Balorazio positiboa egin du Hernaniko PSE-EEk: «EH Bilduren gobernuak gure proposamen guztiak onartu ez dituen arren, pozik gaude indarrak batu eta egoera oso larri bati erantzuteko ekimenak kontuan hartu direlako», nabarmendu du Ricardo Crespo bozeramaileak.
PSE-EEk egindako proposamenen artean zeuden, besteak beste, «musukoak doan banatzea, merkatariekin lankidetzan kontzientziazio kanpaina bat egi­tea, eta gel hidroalkoholikoa jartzea herriko puntu estrategikoetan; hala nola, haur parkeetan eta autobus geltokietan». Aurreneko biak jarriko ditu martxan Udalak, baina gelarena baztertu du, dakarren kostu ekonomikoagatik. 

Musukoak doan laster, kolektibo ahulenetakoei
Crespok azaldu duenez, talde ahulenen artean egingo du musukoen banaketa Udalak, eta nola egin aztertzen ari da orain, baina laster izango da martxan. «Oso positiboa da hornidura hori egitea, ezinbesteko elementua bilakatu baita musukoa, COVID-19aren kutsadura gelditzeko», adierazi du. Era berean, onartu du «anbizio haundiagokoa» zela PSE-EEren proposamena, herritar guzti­engana zabaldu nahi zutelako. «Ekimena motz geratzen bada ere, norabide onean egindako urratsa dela uste dugu. Izan ere, kolektibo ahulenek, hala nola gizarte laguntzak, RGIa eta abar jasotzen dituztenek, musukoak eskuratzeko aukera izango dute, hernaniar askoren etxeko ekonomiak okerrera egin duenean. Horrek laguntza haundia ekarriko du», azaldu du Crespok.


Sentsibilizazio kanpaina ere, «ezinbestekoa» dela uste dute so­zialistek, baina «berandu» da­to­rrela: «ekintza honek eragin­kor­tasun haundiagoa izango zuen duela hiru aste, Hernaniko kutsatze-tasa oraindik hain haundia ez zenean; baina inoiz ez da berandu, osasun arloko segurtasun neurri eraginkorrak gogorarazteko». Helburua izango da herritarrei azaltzea zein neurri hartu behar dituzten, birusaren hedapena ahalik eta gehien murrizteko: «merkatari eta ostalariekin batera bultzatu beharko litzateke kanpaina, herritarrak baikara kutsatzea erraztu dezakegunak, gure jarrera lasaituta».


Eta azkenik, Crespok nabar­mendu du, «modu leialean» jarraituko dutela laguntzen eta neurriak proposatzen: «ekintza batasuna ezinbestekoa da egungo egoeran, eta guztiok bat egin behar dugu, pandemiak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari erantzun eraginkorra emateko».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!