«Exijituko dugu berehala gelditzea, osasunaren eta askatasun kolektiboen kalterako hartzen ari diren neurriak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 4a, 00:00

Kontzentrazioa egin zuten larunbatean, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta.

Kontzentrazioa egin zuen Gazte Koordinadora Sozialistak, larunbatean, eta mobilizazio gehiago iragarri ditu.

Kontzentrazioa egin zuen joan den larunbatean, Plaza Berrin, Gazte Koordinadora Sozialistak, «ezarri nahi diguten erregimen sozial totalitarioaren aurka». Eta aurreratu du, mobilizazio gehiago ere egingo dituztela: «agintean dauden edota hauei babesa ematen ari diren alderdi politikoen aurka mobilizatuko gara; eta exijituko diegu, bere­hala gelditu ditzatela osasunaren eta askatasun kolektiboen kalterako hartzen ari diren neurriak», nabarmendu dute.

Gazte Koordinadora Sozialistak dio, «krisi kapitalistaren testuinguruan, pobrezian eta askatasun ezean oinarritutako bizitza eredu baterako trantsizioa» bizi dugula une honetan: «industria eta finantza kapitalen jabe diren enpresari haundiek, gizarte eredu horren aldeko hautua egin dute, eta alderdi politiko instituzional guztiek onartu dute eredu sozial hori. Horrela, gero eta bereiziago dauden bi bando ari dira osatzen, gizarte kapitalistan. Batetik, politikari profesionalen, kapital finantziarioaren eta enpresari haundien bandoa; eta bestetik, gero eta eskubide gutxiago dituen langileria xumearena». Klase ertainari dagokionez, bi joera orokor ikusten ditu GKSk: «kapa asko proletarizatzen ari dira, eta zati bat kapital haundiaren ofentsiba prozesuan lerrokatzen ari da. Guk, eskubide zibil eta politikoen defentsan, lehenengo bandoaren aurkako salaketa kanpaina abiatuko dugu», ohartarazi dute. Datorren larunbatean egingo dute hu­rrengo kontzentrazioa, arratsaldeko 18:30etan, Plazan.

 

«Osasun larrialdiaren gaineko ardura oligarkiarena da»

GKSk adierazi du, «oligarkiarena» dela osasun larrialdiaren gaineko ardura, «nahiz eta komunikabideek gizarte zibilaren jokaera pertsonalari bota nahi dioten errua». Izan ere, dio GKSk, «nabaria da burgesia haundiak eta bere kontrolpeko instituzioek erakutsi duten borondate falta, jakintza eta teknologia baliabide haundiak jendartearen osasuna bermatzera bideratzeko. Gainera, agerian geratu da burgesiak ezin duela bertan behera utzi, berarentzat estrategikoak diren esparruen aktibitatea; eta horren ordez, nahiago duela jendartearen eskubide zibil eta politikoak kolpetik murriztu. Kriminalizatzeko subjekturik badago, hori burgesia da, dudarik gabe, guztiaren gainetik kapitalaren akumulazio-dinamika jartzen baitu».

Horren aurrean, «langileriaren antolakuntza komunistaren aldeko apustua», egin du GKSk, «eskubide zibil eta politikoak defendatzeko eta askatasuna bizitzako esparru guztietara zabaltzeko proiektu bezala ulertuta. Beraien kontrolpeko gi­zarte ereduan, pobrezia eta askatasun eza da biztanleriaren gehiengoari eskainiko zaiona. Antolakuntzaren baitan, bizirik jarraituko du, askatasuna eta aberastasuna unibertsalizatzeko proiektu historikoak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!